|
Foru Legebiltzarrerako Nafarroa Bai (NaBai) koalizioko zerrendaburua izango da ezker abertzaleko buruzagi historikoa. Nafarroako politikaren une garrantzitsuenak lehen lerrotik bizi izan ditu azken 30 urteetan. Une esanguratsuenetakoa protagonismotik bizi dezake bi hilabete barru, hamar urteko agintaldi gupidagabearen ondoren, UPNk gobernua galtzeko aukera handiak dituelako.
2006ko ekainaren 8a da, udal eta foru hauteskundeetatik ia bi astera eta barne-tirabira gogorren ondoren, PSNk azkenean iragarri du uko egiten diola gobernua UPNrekin eratzeari eta NaBai eta Ezker Batuarekin osatuko duela exekutibo berria.
Deskribatutako iragarpena nafar askoren ametsa da zalantzarik gabe eta Patxi Zabaleta, bere heterodoxo ospeari eutsiz, ondoko iragarpen bitxia egitera ere iristen da: “Oposizioan geratzen denean, UPNk ez du Madrilekiko gaur egun duen jarrera izango eta hasiko da gizarte-segurantza eta halako eskuduntza garrantzitsuen eske”.
Nafar askori pasatzen zaiona gertatzen zaio Zabaletari berari ere: datozen foru hauteskundeetan UPN gobernutik kanporatzeko aukera esku artean ikusten du, baina zuhur jokatzen du. Herritarrei ere –berdin da zein koloretakoa izan–, zaila iruditzen zaie eskuin zakar hau boteretik kanpo ikustea. Bere subkontzientearen joera egiaztatu guran, elkarrizketan zehar hitz egin duen modu eta doinuagatik UPN oposiziora joango dela gauzatutzat ematen duela adierazi diot abokatu leitzarrari, baina ez dio kosk egin amuari: "Ez, gauzatutzat ez, egiazko hipotesi gisa bai".
Honakoa entzun dut hauteskundeen emaitzari buruz: PSOEk duela gutxi hiru inkesta egin dituela eta hiruetan Nafarroa Bai bigarren indar gisa agertzen dela PSNren aurretik. Sinesgarria ala inkestak puzten ari dira?
Sinesgarria da. Iruńerriko herri handietan NaBai PSNren aurretik geratuko da eta agian Lizarran ere bai. Erriberan, aldiz, haien atzetik geldituko gara. Gu bigarren indarra izaten saiatuko gara.
Zer diote Nafarroa Bairen argitaratu gabeko inkestek?
Guk inkesta xumea egin dugu eta hirugarren indar gisa agertzen gara. Gure apustua da NaBai Nafarroako hiru indar politiko handietako bat bilakatzea eta horrekin Nafarroako mapa politikoa aldatuko dugu, dagoeneko aldatzen ari gara, Sanzek egun hauetan egin dituen proposamenak horren ondorio dira.
Hausnarketa bat: PSN ahula UPNrentzat mesedegarri da, honek denetik eskainiko baitio eta ahuldadean agian errazagoa da UPNren tentaldian erortzea.
PSN gure atzetik geratuko balitz, horrek ez du esan nahi nahitaez UPNrengana hurbilduko denik. Gainera, Zapateroren jarraitzaileentzat oso zaila litzateke PSN PPren morroi zintzoena izan diren hemengo eskuin muturrekoen laguntzaile ikustea. Zailtasunak egon badaude, baina guk ere baditugu gure aterabideak.
Roman Felones, Roberto Jimenez... PSNk Foru Legebiltzarrerako zerrendako lehen postuetan jarri dituen batzuk Diario de Navarra-tik askoz gertuago daude NaBaitik baino. Ez dira konfiantzarako datuak.
Juan Jose Lizarberen eta Carlos Chiviteren PSNrekin, biekin izan ditugu harremanak. Bata bestea baino gertuago sentitzen dugu, baina biekin izan dugu harreman zintzo eta leiala. Egia da, zerrendetan badira UPNren jarrera ideologikoetatik gertu agertu izan diren pertsonak, baina egia da, halaber, PSOEren eta PPren artean estatuan edo PSNren eta UPNren artean inoiz ez bezalako etendura dutela.
Hilaren 17ko manifestazioaren gisakoekin UPNk ez al ditu zentruko sektoreak uxatzen? Agian mesedegarri izan da gainerako alderdientzat.
Gu hori azpimarratzen saiatu gara manifestazioaren aurretik eta ostetik. UPN, Gobernuaren bitartez, ahalik eta atxikimendu zabalena lortzen saiatu da, UGTrekin eta CCOOrekin adibidez xantaiaraino iritsi arte, enpresari elkarteekin... eta ez du lortu. Lotsagarria badirudi ere, CEN (Nafarroako Enpresarien Konfederazioa) eta Ciudadanos (Arbeloa, Lola Eguren...) erakarri ditu. Ez du beste inoren sostengurik lortu eta hori UPNrentzat txarra izan bada, are gehiago CDNrentzat. Honako kontraesana itzela da: manifestazioan gehien entzundako oihua Zapateroren aurkakoa izan zen eta berau bukatu bezain laster, UPNk PSNri agintea partekatzea eskaini zion.
Batasunak Anaitasuneko proposamenean Hego Euskal Herrirako autonomia proiektua mahaigaineratu du. Egoki ikusiko al zenuke autonomia berri hori, erkidego bietako herritarrek hala nahiko balute?
Proposamen horretan bada aurrerapauso bat, autonomia mailako urrats hori ontzat hartzea. Ezker abertzalean beti egin dugu hori, KAS alternatibatik hasita; baina gero Alternatiba Demokratikoa, Oldartzen eta halakoekin baztertu egin zen autonomiarena. Aldi berean, oraingo proposamena ez da errealismotik abiatzen, lehendabizi onartu behar baita Nafarroak, EAEk eta Iparraldeak euren erabaki esparruak dituztela. Ibarretxe plana, esate baterako, nahiz eta badituen bere akatsak, erabaki eskubideari buruz oso argia da. Nafarroan ere abertzaleok antzeko zerbait proposatu beharko genuke, eta hurrengo urratsak hortik abiatuta eman beharko genituzke.
Baina Nafarroari dagokionez erabaki esparrua onartzen da, zeharka besterik ez bada ere.
Ez da horrela garbi zehazten. Proposamen honek okerrak zuzentzen ditu baina ez da zehatza. Sinesgarriagoa izateko autokritika beharko luke.
Edozein modutan, galdera zen ea zuk egoki ikusiko zenukeen Hegoalde mailako autonomi estatutu bat.
Hegoaldeak bere abiadurak eta oinarriak ditu eta garrantzitsuena horiek errespetatzea da, hori da abertzaleok irabazteko dugun aukera. NaBai da Euskal Herriko lurraldetasunari eman zaion ekarpenik sakonena, hain zuzen ere demokratikoa delako.
NaBai indar abertzaleen bilgune den neurrian, aurreragorako –maiatzerako ezin da– egoki ikusiko al zenuke Batasuna koalizioan egotea?
Lehenik argituko nuke NaBai indar abertzale eta aurrerazaleen bilgunea dela. Garai batean Batasunari eta Ezker Batuari luzatu genien gonbitea eta biek ezezkoa eman zuten. Aurrera begira NaBairen ateak irekiak egongo dira.
Indar abertzale eta aurrerazaleen bilgune dela diozu, baina Aralarrek EAEn dio EAJren politika eskuindarra dela eta EArena ere bai toki askotan.
Neurri batean horrela da, eta zenbait alorretan hala dela esaten dugu. Horregatik goaz Aralar eta Ezker Batua batera EAEn, politika horiek aldatzeko. NaBaik eta Ezker Batua-Aralarrek biek dute ezaugarri oso garrantzitsua beren baitan: zeharkakotasuna edo transbertsalitatea.
Bake Prozesua berreraikitzeko norabide onean ikusten duzu Anaitasuneko proposamena?
Norabidea ez da txarra baina motzegia da, askoz proposamen osatuagoa behar da.
Gaur egun zer ezaugarri nagusi izan beharko luke Nafarroa eta EAEren arteko organo bateratu batek?
Elkarren begirunea. “Organo” horren izena, izaera eta helburuak ezbaian jarri beharko genituzke. Nafarroak bere erabaki esparrua du eta berdin EAEk. Bakoitzak duen abiadura du eta bi abiadura horiek adostu behar dituzte komunean dituzten helburu guztietan. Esate baterako, errazena da lurraldeari dagokiona: geografia, ingurumena... ondoren euskara, euskal kultura... eta gero, adibidez, garapen jasangarriaren erronka genuke.
Otanoren garaian 1996an eratu zen organo bateratuak balio dezake oinarri gisa?
Ez, guztiz berria izan beharko luke.
Zer da fuerismoaren tradizio erradikala berreskuratzea? Nafarroa Bairen txostenetako zirriborroetako batean agertzen da kontzeptua.
Aralarrek Nafarroako Legebiltzarrean Estatus Politiko Berri Baterako Proposamena aurkeztu zuenean, esaten genuen erabaki ahalmena dela eskubide historiko edo foruen gaurkotze demokratikoa. Eskubide historikoak, eskubide kolektiboak diren heinean, ez direlako oinordekotza gisa eskuratu ahal, eta etengabe gaurkotzen eta eraikitzen direlako. Bi arrazoirengatik erabiltzen dugu kontzeptu hori: bat, argudio juridiko-konstituzionalak ematen dizkigulako; eta bi, UPNrekin eta PSNrekin dugun eztabaidan argi utzi behar dugu forua guk defendatzen dugula, erabaki ahalmena guk defendatzen dugulako eta forua, demokratikoki, hori baizik ezin daitekeelako izan. Ezin ditugu foruak sakralizatu, baina Euskal Herriak Europan bere ahotsez egon nahi badu, halako formulak bilatu behar ditugu.
Nazionalismo zibiko-kulturalaren kontzeptua ere NaBaik landu duen ideietakoa da. Nola azalduko zenuke?
Nazioen arteko harremanak politikaren esparru estuegiak gainditu egin behar dituela esan nahi du. Zeharkakotasunaren bidez, sentipen nazional ezberdinak dituztenen arteko lotura horiek anitzak eta desberdinak izatea. Gaur egungo mundu globalizatuak horretara bultzatzen gaitu.
Erabaki ahalmenik ez duen herri batean, nola uztartzen da zeharkakotasuna abertzale askok nahi duten indar metaketa soberanistarekin?
Erabakitzeko ahalmena, autodeterminazioa, demokrata guztiok defendatzen dugun printzipioa izan daitekeelako. Ezker Batuak eta Aralarrek sinatu dugun idazkian erabaki ahalmena oinarrizko printzipioa da. Bakegintzari guk eskainiko diogun oinarria hori da, jakinik gauza bat dela normalizazio politikoa eta beste bat ETA eta Espainiako Gobernuaren artean egin beharreko konponketa, hiru gai nagusi dituena: ETAk armak uztearena, presoena eta biktimena. Gai hauek normalizazio politikoarekin nahasten diren neurrian, bakegintzari kalte egiten zaio.
* * Xabier Letona, kazetaria.
Argazkia, Josu Santesteban
|