|
NaBaik sartutako mozioaren ondoren, Nafarroako Parlamentuak aho batez adostu du foru poliziaren egoitzetan kamerak jartzeko aukeren inguruan azterketa egin dezala Nafarroako Gobernuak. Era berean, atxilotutako pertsonei egun ezartzen zaien zaintza-medikurako protokoloaren funtzionamendua aztertzeko eskatzea Gobernuari.
Behin Nafarroako Gobernuak azterketa egindakoan, eta botere judizialarekin elkarlanean, eta beharrezko ikusten bada, eskatu dio polizia-etxeetako joan-etorriko, ikus-azterketa eta zaintza guneetan bideo-kamerak jartzea. Beti ere atxilotutako pertsonen intimitaterako eskubidea babestuko da eta izaera pertsonaleko datuen babeserako legea beteko da.
NaBaik aurkeztutako mozioa eztabaidatu da gaur Nafarroako Parlamentuan. NaBaik bere mozioan eskatzen zuen foru poliziaren egoitzetan eta atxilotuak egon zitezkeen guneetan irudi zein audio grabazioak egitea. Era horretara, atxiloketa prozesu guztia grabatuta geratuko litzateke. Horrezaz gainera, sei hilabeteko epean zaintza-medikurako protokolo berria ezartzea eskatzen zion koalizioak Nafarroako Gobernuari bere mozioan. PSNko talde parlamentarioak osoko zuzenketa aurkeztu zion NaBaiko mozioari, nahiz eta antzeko terminoetan jasoa egon, eta aho batez onartu du Nafarroako Parlamentuak.
Aralarrek Eusko Legebiltzarrean ere jarraipena egin izan dio Ertzain-etxeetan grabazio-kamerak ipintzeko egitasmoari. Izan ere, Herrizaingo Sailak legegintzaldi hasieran aurreratu zuen Ertzain-etxeetan kamerak jarriko zituela eta horren haritik, birritan egin dio informazio eskaria Aralarrek Herrizaingo sailari.
Horren ondotik, haratago joan, eta atxilotutako pertsonen kontrako gehiegikeriak egon ez dadin, inkomunikazioarekin amaitzeko eskaria ere egin izan du Aralarrek. Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gorteetara eramango du eskaria. |