Nafarroa Baik zuzenketak aurkeztu dizkio Erizaintzako lanbide ibilbideari, beste departamenduetako erizainei lekua egiteko
(2008/Maiatza/5)
   
 

Gobernuak aurkeztutako proiektua hobetzea dela helburua azaldu du Nafarroa Baiko bozeramaile Patxi Zabaletak. “Mugatuegi dago, Osasun departamenduak daukan gaitz endemikoari ez dio aurre egiten eta lortzen den gauza bakarra da dauden arazoen gainean adabakiak jartzea eta sektore batzuk isilaraztea”, agertu du.


Zabaletak prentsaurrekoa egin du, gaur goizean, Asun Fernandez de Garaialde eta Maiorga Ramirez Nafarroa Baiko parlamentarioak ondoan zituela. Zabaletak zehaztu duenez, Foru Lege proiektua “partziala da eta aldi batekotasunari eta finkoa ez den departamenduko pertsonalari ez die begiratzen”. Departamenduan dagoen aldi batekotasun erratioa “oso handia” dela azpimarratu du.


Hori saihesteko, Nafarroa Baik nahi du lanbide ibilbidean sartzea Foru Erkidegoko Administrazioko beste departamenduetako eta erakunde autonomoetako erizainak; hau da, Administrazioko erizain guztiak sartu nahi ditu, atxikita dagoen departamendua kontuan izan gabe. “Osasun departamenduari atxikita ez egoteagatik baina baldintza beretan dauden langileak eskubide berak ez izatea ezin da ulertu”, esan du Fernandez de Garaialdek.


Bestalde, lanbide ibilbideko proiektuak 1992ko Foru Legeko 2. artikuluan jasotzen diren diplomatuei (eraintza, obstetrizia, ginekologia, fisioterapia eta terapia okupazionala) bakarrik egiten die erreferentzia. Nafarroa Bairen ustean, 2003ko Espainiako legean jasotzen diren bestelako titulatuak ere aintzat hartu behar dira: podologoak, optiko-optometristak, logopedak eta dietistak.


Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo bestelako departamendu edo erakunde autonomo bateko kategoria baten bost urtez jardun duen aldi bateko langilea ere aintzat hartzea eskatzen du Nafarroa Baik beste zuzenketa baten. Langile horiek ezin izan badute lan eskaintza publiko batera aurkeztu aintzat hartzea eskatu du.


Maiorga Ramirezek azaldu duenez, “neurri honekin departamenduan dagoen aldi batekotasun erratio handiari aurre egin nahi diogu. Administrazioaren erantzukizuna da lanpostu horien deialdia egitea, eta horrela egin ez duen kasuetan, bidezkoa da lanpostu finkoa dutenen soldata berak izatea, jasaten ari diren aldibatekotasuna ez delako beraien ardura”.