Berriozarko istiluak UPNk gidatutako desegonkortze kanpaina baten parte direla salatu du NaBaik
(2008/Abuztua/25)
   
 

Berriozarko alkate Xabier Lasak adierazi du igande goizaldean izandako poliziaren kargatzea “UPNren gobernuak gidatutako desegonkortze kanpaina baten barruan ulertu behar” dela eta “herriko jaien aurretik tentsioa sortzeko asmoa” dutela. Nafarroa Bai koalizioren legebiltzarkide eta Aralarreko Nafarroako koordinatzaile Txentxo Jimenezek adierazi du ez duela “Nafarroako Gobernuaren justifikaziorik eta bertsio ofizialik onartuko, gertaturikoa ikusi egin baikenuen”. Lasa eta Jimenez Berriozarko udaletxeko osoko bilkura aretoan izan dira prentsaurrekoan igande goizaldean izandako istiluen berri emateko. Lau lagun zauritu ziren eta foru poliziak lagun bat atxilotu zuen.


Berriozarko alkate Xabier Lasak prentsaurrekoan azaldu duenez, “goizeko hirurak aldera telefono deia jaso nuen etxean kontzertua egiten ari zen plazan tentsioa zegoela esanez, oru polizia han zelako”. Hura entzunda Lasak hara agertzea erabaki zuen eta foru polizia buruarekin hitz egin zuela ere azaldu du. “Poliziak ez zuen buruko estalkia kendu nahi izan, oso urduri zegoen eta presoen aldeko pankarta kentzera joanak zirela azaldu zidan”. Hori entzunda alkateak handik ez agertzeko esan zien “euren presentzia ez baitzegoen justifikaturik”. Berehala alkateak plazara joatea erabaki zuen “gazteak lasaitzeko asmoz”. Baina kontzertua amaitzera zihoala eta jendea alde egiten hasi zenean, “poliziaren hiru furgoneta azaldu ziren”. Alkateak salatu egin du poliziek erakutsitako “errespetu falta” eta “polizien dotazioen istiluak saihesteko ezer ere ez egin izana” salatu du. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Berriozarko Udalak herritarrek nahi dituzten salaketa guztiak auzitegira aurkeztuko ditu eta zaurituta gertatu zen herritar bati buruz zehaztu du “atzo arratsaldean oraindik obserbazioan zela buruan porraz jasotako kolpearen ondorioz odolbatua duelako” Era berean, Lasak azaldu duenez, gaur goizean bertan deklaratzera joan beharra izan du foru poliziaren egoitzara eta “ardurak argitu eta zehaztearren barne ikerketa egingo dela ziurtatu didate”.


Nafarroa Bairen parlamentari Txentxo Jimenezek prentsaurrekoan adierazi duenez, “foru polizia agertu izana ez da ulertzen, ez baitzuten kontuan izan kontzertura agertutakoen segurtasuna”. Horregatik Jimenezek esan du “foru poliziak egindakoak ardura politiko agerikoa duela” eta UPNri leporatu dio “politikaren polarizazio eta krispazio estrategiaren oinarriko elementu” izatea. Jimenezek “jaietan, zein haratago, lasaitasun giroa errespetatzeko” deia egin du.