NAFARROA BAIren Udal Taldearen bozeramaile Uxue Barkosek aditzera eman bezala, ikasturte hasiera honetan koalizioak pasa den ikasturtean jada aurkeztuak izan diren ekimenetan tematuko dira, izan ere, horietako asko, garrantzi handikoak oro har, aspaldi onartuak dauden arren, oraindik ere ez baitira abian jarri. Aurreikusitako ekimenen artean daude, esaterako, Simón Santamaría, Udaltzaingoaren buru denaren kanporatzea berriz eskatzea, Gizarte Ongizatea eta Gizarte Zerbitzuen Behatoki Iraunkorra sortzea, Sanferminetako Mahaia martxan jartzea edota San Fermin txikirako programa osatzea.
Batera, Barkosek argi eta garbi adierazi zuen egungo egoera ekonomikoak markatuko duela aurtengo lana. Bertatik abiatuta, taldeak lanpostu gehien sortzen dituzten inbertsio publikoak sustatzeko proposamenak eginen ditu eta, batera, krisiaren eragina murriztearren, jendarteko sektorerik kaltetuenak, behartsuenei zuzendutako neurriak sustatuko ditu.
Mozioei dagokienez, Uxue Barkosek aurreratu du bere taldeak ez duela datorren Osoko Bilkurarako inolako ekimenik aurkeztuko, izan ere, ordurako ez baita osorik egonen UPNren udal taldea, orain gutxi zendutako Tere Moreno ordezkatuko duen hautagaiak oraindik ez baitu kargua bere gain hartu.
Gauzak horrela, NAFARROA BAIk irailaren 19ko sesiora arte itxarongo du aurkezteko besteak beste Iruñean, pasa den uztailaren 7an eraildako Nagore Laffageren kasuan udalak herri ekimena garatzeko mozioa; Iruñeko lorategien kudeaketa defizientea salatzeko mozioa; Sanferminetako Mahaia jada abian jartzeko proposamena edota Condestable Jauregiaren erabileren definizioaren inguruko mozioa.
Bestetik, Iruñean NAFARROA BAIko zinegotzia den Iñaki Cabasesek hitza hartu eta agerian utzi zuen udal talde honek ez duela zuzentzat jotzen egun Iruñeko Udaleko Gobernu Taldearen lan egiteko era eta arauak. Haren esanetan udal batzordeak irekiak beharko lukete izan, bereziki komunikabideei irekiak, hots, publikoak. Bidenabar, Udal Gobernua kontrolatzearren eta oposizioaren ekimenen ibilbidea bermatu eta sustatzearren Osoko Bilkuraren Araudi Organiko berria tramitatzea planteatuko du koalizioak.