|
Beriaingo Nafarroa Bai udal-taldeak ohartarazi duenez, orain egun batzuk alkateak aurreratu zuen Balsa proiektua ez dator bat udalerriak dituen benetako premiekin. Jose Manuel Menendez Nafarroa Baiko zinegotziak esan duenez, “ulergaitza da Beriainentzat luxuzko proiektu bat egin nahi izatea, jakinda osasun etxea, liburutegia, igerilekuak edo 0-3 urte arteko ikastetxea bezalako zerbitzu publikoak egoera negargarrian daudela”.
Koalizioko zinegotziak azaldu duenez, “alkateak lehentasuna ezarri behar die proiektuei, are gehiago krisi ekonomikoan izanda. Nafarroa Bai Balsa bezalako proiektuak babes ditzake, baina beti Beriainek kalitatezko zerbitzu publikoak izanez gero; baina udalerriko zerbitzu publikoak kalitatezkoak izatetik urrun daude”.
Menendezek zehaztu duenez, Beraingo Udalak lehenbailehen heldu beharko lioke osasun etxearen hedapenari, kolapsatua dagoelako. Udal liburutegia ere handitu beharko luke, 3.000 biztanle baino gehiagoko udalerriei dagokien A mailakoa den arren, baldintzak ez dituelako betetzen. 0-3 urte arteko haurren eskolarik ez dago, ikastetxe publikoa berritzen ari dira, baina uralitazko teilatua dauka oraindik. Gazteriaren egoitza txiki geratu da, eta gazteek zentro handiagoa eskatzen ari dira. Igerilekuek ez dute araudia betetzen. Amaitzeko, udaletxea zaharkitua geratu da.
Horregatik guztiagatik, Nafarroa Baiko zinegotziak uste du “luxua” dela Balsa bezalako proiektu batekin hastea. “Gainera, alkateak bere proiektu gisa aurkeztu du, baina benetan PSNren proiektua da”. Menendezek arrazionaltasuna, zentzua eta herritarren bizi-kalitatean eragingo duen eta zerbitzu publikoen alde egingo duen gobernu progresista baten aldeko benetako apustua eskatu ditu. |