Nafarroa Baik bere babes osoa agertu die KYBSE enpresako langileei
(2008/Urria/15)
   
 

Nafarroa Baiko talde parlamentarioak bere babes osoa agertu die KYBSEko langileei, enpresa horretako langile batzordeak gaur Parlamentuan egin duen agerraldian. Langile batzordeko kideek beren egoera zein den azaldu dute; izan ere, langile enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu du enpresak, eta horrek 200 langileri eragiten die.


Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentarioak esan duenez, “lotsagarria da krisi egoera bat baliatu nahi izatea deslokalizazio bat gauzatzeko, eta honekin lan harremanak izorratzeko asmoa erakusten du Kabaya multinazionalak”.


“200 langile kaleratzea ez da gertatzen KYBSE enpresan, lehen AP Amortiguadores, krisiren bat dagoelako; Los Arcosen planta berria egin nahi dute, eta horixe da kaleratzearen atzean ezkutatzen den arrazoia. Planta berri horretan 150 lanpostu sortu nahi dituzte, baina egoera prekarioa izango dutenak, Ororbiako plantan egun dauden lan-baldintzetatik oso urrun izango direnak”, adierazi du.


Koalizioko parlamentarioaren hitzetan, “enpresa horretan sortutako egoera askoz larriagoa da kontuan hartzen badugu Los Arcoseko planta berria NASUINSAko diru publikoarekin finantzatu nahi dutela; horrek esan nahi du Ororbiako plantako 200 langileren kaleratzea diru publikoarekin finantzatuko dutela”.


Hari horretara, Nafarroa Baik Industria Departamentuari eta bere kontseilari Roig jaunari exijitu dio egoera horrekin amaitzeko, beren inplikazioa argitzeko eta Los Arcoseko planta berrian izango diren lan-baldintzak zeintzuk izango diren argitzeko. Halaber, Ororbiako plantari eragingo dion enplegu-erregulazioko espedienterik ez onartzeko eskatu die.