1.- Xedeak
1.1.Pertsonen, gizon eta emakume nafarren eskubideak eta aukerak bermatzea euskara den ondasun publikoarekiko, eta hiritarren hautu askea hura ezagutu eta erabiltzeko Administrazioarekin duten harremanetan, irakaskuntzan, kulturan nola erabilera sozialean.
1.2.Hizkuntzaren arloan dagoen aniztasuna defendatzea. Ideologian, erlijioan nola hizkuntzan dagoen aniztasuna Nafarroaren aberastasun eta ezaugarria da. Nafarroako hiritarrek aniztasun hori ongi balioetsi eta partekatu egiten dute. Oinarri demokratiko eta aurrerakoiek eskatu eta behar dute aniztasun guztien errespetu eta sustatzea, hizkuntza aniztasuna barne.
1.3.Halaber, hizkuntzak eta kulturak talde identitate ezaugarriak dira eta euskara bezalako hizkuntza berezkoa nafar batzuei ukatzeak, ez eskaintzeak haien identitatearen kontra jotzen du. Hizkuntza aferaren despolitizazioak hizkuntza askatasunean oinarritzea dakar, beraz, koofizialtasunean.
2.- 1986ko Euskararen Foru Legeak sortutako hizkuntza eraentzari kritika
2.1.Koofizialtasuna pertsonen hizkuntza aukera askea demokratikoki bermatzen duen eredu bakarra da. Koofizialtasuna Europako hainbat estatutan, zentralistetan ez direnetan, ohikoa da. Estatuko autonomia erkidegoetan ere koofizialtasuna era baketsuan garatzen da eta gizartean hizkuntza gatazkarik sortu beharren, halako gatazkei gainditzeko eredua aproposa da. Gaztelaniaz gain bertako hizkuntzari koofizialtasuna aitortu dioten estatuko autonomia erkidego guztiek komunitateko lurralde osoan egin dute, koofizialtasuna lurralde osoan, eta ez zati huts batean baino ez, Nafarroan egin den bezala.
2.2.Koofizialtasuna ez lurralde osoan, hau da, zonifikazioa Nafarroan baino ez da ezarri. Zonifikazioak ez du ezein irizpide soziolinguistiko objektiborik bere oinarrian, ezein azterketa argitaratu eta kontrastaturik. Zonifikazioak ez dio ezein agindu konstituzionalari erantzuten eta ez zitzaien lotu Foru Parlamentuak Foru Hobekuntza negoziatzeko ezarritako oinarriei ere.
Zonifikazioa arazotsua da, bere izaeragatik eta sortzen duen bortxa edo distortsioagatik, Nafarroako herri ezberdinetako hiritarrek nola hiritar berberak Nafarroako herri ezberdinetan euskararekin, amankomuna den ondasun batekin, eskubide ezberdinak dituelako. Disfuntzio horrek arazo, bortxak eta irainak sortzen ditu eten gabe.
Nafarroa zonaka edo eremuka zatitze horrek zuzengabekeriak sortzen ditu hainbat pertsonari haien hizkuntza aukerari lotutako eskubideak egikaritu ahal izatea galarazten duen bazterkeria baitakar.
Hori horrela, NAFARROA BAIk hizkuntza arloan, euskara den ondasun amankomun horrekiko nafar guztien aukerak eta eskubideak defendatzen segitzen du. Xede horiek koofizialtasun ereduaren bidez defendatzen dira.
3.- NEBk proposatutako eremu mistoaren zabaltzea eta haren garapena.
- NEBak egin duen proposamena eremu ez euskalduneko lau herri eremu mistora pasatzeko konponketa eskasa da oso Euskararen Foru Legeak duen eskaskeria edo defizit demokratiko eta sozialetarako.
- Nafarroa Baik proposamen horri egin zizkion emendakinen bidez aldaketa esanguratsuagoak, gutxienezko demokratikoagoak bermatuko lituzketenak, erdietsi nahi zituen, eta emendakin horiek aitzin eginen ez bazuten, NEBaren proposamena babestu eginen zuen, nahiz eta eskastzat jo. Egin dugun hutsa geure gain hartu dugu eta geure buruari kritika egin diogu, baina afera honetan guztian Nafarroa Baik koherentziaz eta ardura demokratikoaz jokatu du.
- UPNren jarrera demokraziaren kontrakoa eta atzerakoia izan da, bertzeetan bezala. Funtsean, nafarren berdintasunaren eta duintasunaren kontrakoa. UPNk euskara politizatu egiten du eta hiritarren askatasunari uko egiten dio.
- CDN honezkero UPNren epigono hutsa da eta hari itsuki jarraitu eta men egiten dio. Min handia ematen du bertze garai batzuetan CDNk defendatutako jarrerekin orain duen kontradizioa ikusteak.
- Baina PSOE-PSNren jarrera da gaitzezpen politiko handiena merezi duena.
- PSOE-PSNk berriz ere kontraesan handian jokatu baitu. Ez da lehendabiziko aldia. Garai batean koofizialtasunaren alde egon zen, Euskararen Foru Legea aldatzearen alde egon zen eta hala eman zuen botoa eta, orain berriz, bere jarrera aldaketa arin bezain lotsamangarria izan da.
- PSOE-PSNk euskara berriz politizatu du, berriz nafar guztien duintasuna narriatu eta Nafarroako hainbertze jenderen nahikeria eta aukerak zangoperatu ditu.
- PSOE-PSNk UPNren presioei men egin die. UPNren esanetara eta aginduetara jarri du bere burua.
- PSOE-PSNk Zapaterok kulturen eta aniztasunaren defentsan egiten duen aldarrikapen hitz ederrekoari entzungor egiten dio eta gezurtatzen du aldioro.
- PSOE-PSNk Patxi Lópezen aldarrikapenak irrimangarri utzi ditu eta sinesgarritasun osoa kendu die. Nolatan izanen du López jaunak ezein sinesgarritasunik hizkuntza politikaren alorrean bere alderdikideek Nafarroan horrela jokatzen segitzen badute?
Laburbilduz, euskararen gaia despolitizatzea hiritarren demokrazia eta askatasun kontua da. Nafarroa Baik pertsona ororen hizkuntza askatasuna defendatzen du eta horrexegatik defendatzen du koofizialtasuna.