Nafarroa Bairen ustean, astakeria da Eguesibarren 30.000 etxebizitza eraikitzea
(2008/Azaroa/3)
   
 

Eguesibarren 30.000 etxebizitza eraikitzeko UPNk daukan egitasmoa “astakeria” dela esan du gaur Nafarroa Baik. Itxura guztien arabera, hurrengo asteazkeneko osoko bilkuran aurrera aterako da egitasmo hori, eta koalizioa izango da kontra bozkatuko duen bakarra.


Eguesibarreko Udaleko Nafarroa Bai udal-taldeko bozeramaile Alfonso Etxeberriak esan duenez, “Eguesibarren garapen orekatu baten aldeko apustua egin behar da. Daukagun biztanleriarentzat zerbitzu publiko egokirik izatea ez dugu lortu oraindik, eta orain beste 30.000 etxebizitza egin nahi izatea erokeria da”. Koalizioko zinegotziak gogora ekarri duenez, hasierako egitasmoaren arabera 10.000 etxebizitza ziren eraikitzekoak. “Guretzat nahikoa eta sobra ziren, baina orain ikusi dugu beste 20.000 etxebizitza eraiki nahi dituztela. UPNk kosta ahala kosta egin nahi ditu, eta horretarako PSNren babesa dauka. Kontzejuak ez dituzte aintzat hartu, eta gainontzeko alderdien, elkarteen eta taldeen gomendioak eta proposamenak ere ez”.


Etxeberriak ohartarazi duenez, “jasangarritasunaz eta 30.000 etxebizitza eraikitzeaz ezin da hitz egin aldi berean. Biztanleria izugarri haziko da eta horri ekonomikoki aurre egiteko gai ez da izango gure udala. Hainbat milioi euroko defizita daukagu pilatua eta ez daukagu baliabide ekonomikorik, eta beraz, plangintza honek ez dauka ez hanka eta ez buru”. Nafarroa Baiko zinegotziak salatu du UPNk bere eta etxe sustatzaileen interesak Eguesibarreko herritarren aurretik jarri dituela.


Alfonso Etxeberriak azaldu duenez, “Kontuen Ganberak esan du eskualdean etxebizitza gehiegi daudela, eta hori esan du kontuan izan gabe Etxebakoitzen eta Gendulain eraiki behar dituztenak. Nafarroa Bai ez dago etxebizitzen eraikuntzaren aurka. Baina guretzat nahikoa izango litzateke hasieran aurreikusita zeuden 10.000 etxebizitzak eraikitzea, hori eskariarekin eta premiekin bat datorrelako. Gainera, era horretara eginez gero, gure Udalak orain ez dituen zerbitzu publikoak osatzen joan ahal izango ginateke pixkanaka”.


Nafarroa Baiko parlamentari Txentxo Jimenezek esan duenez, “lurzoruaren espekulazioaren sustapena dago 30.000 etxebizitza egin nahi izate horren atzean. Nafarroa Baik ezin du horrelakorik onartu, are gehiago kontuan izaten badugu zeintzuk diren udal horren aitzindariak”. Jimenezek azaldu duenez, “egitasmo horrek eskualdeko hirigintza arau guztiak urratzen ditu, eta garapen jasangarriaren kontra egoteaz gainera, Lurralde Antolaketako Departamentuaren irizpideen zein Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolaketa Estrategiaren kontra ere badoa, Iruñea ibarrerako garapen jasangarriaren alde egiten dutelako”.


Koalizioko parlamentariaren iritziz, “30.000 etxebizitza horien eraikuntzak Iruñea bis bat sortzea ekarriko du, 80.000 edo 100.000 biztanle izango dituelako. Biztanleriaren mugimendu horrek ez dauka inolako zentzurik; izan ere, nondik etorriko dira pertsona horiek?”. Modu horretara, Jimenezek dei egin dio Lurralde Antolamenduko Departamentuari UPNk diseinaturiko egitasmoa onar ez dezan. “Udal autonomiaren aurka ez daukagu ezer, baina egitasmo hori babesten duen lege parametrorik ez dago, erabateko astakeria delako”.