|
Berriztapen, Enpresa eta Enplegua Batzordean NAFARROA BAIren bozeramaile José Ángel Agirrebengoak aditzera eman duenez, “Nafarroako Gobernuak 2003-2007rako Enplegu Planan jasotako helburuak ez dira bete eta gainera, urte bete luzatu behar izan dute plana, 2008rako erabilgarri bilakatuz, besterik ez baitute prestatu orain arte”. Gauzak horrela, Agirrebengoak eskaini du koalizioaren laguntza, “zorroztasunez, aniztasuna errespetatuz eta elkarrizketa bultzatuz deialdia zabaldu dezan Gobernuak, Nafarroako agente ekonomiko, sozial eta politiko orori; azken batez, denok bate gin behar baitugu egoera hau gainditzeko”.
Agirrebengoarekin batera Txentxo Jiménez eta Maiorga Ramirez izan dira prentsaurrekoan; hirurena buruz, “Nafarroan, behin eraikuntzaren sektoreak behera egin eta gero, agerian geratu da UPN-CDNren gobernuaren inplikazio eskasa kalitatezko enpleguaren sorreran”. Agirrebengoak esan bezala, “ahalegin gutxi egin izan ditu Nafarroako Gobernuak eta horren lekukorik argigarriena langabeziaren datuak dira. Egun arte UPN eta CDN kontenta gertu ohi ziren langabeziaren datuekin, euren burua zoriontzen behin eta berriz; orain, datu txarrak heldu diren honetan, euren ardurarik ez omen dago tartean, mundu mailan ematen ari den egoera ekonomiko orokorraren emaitza dira datuak. Honen aurrean, gure ardura da esatea argi eta garbi Gobernu honek CEN, UGT eta CCOO sindikatuekin batera sortutako Enplegu Plan oker eta pobrearen emaitza dela; eta horiei ardurak eskatu ordez, horra, urrezko domina eman izan zaie”.
José Angel Agirrebengoaren esanetan “krisiak zein 2008a bera Nafarroa Enplegu Planik gabe harrapatu dute. Gainera, horri gehitu behar zaio, ordurarte Planak aurreikusitako helburu bakar bat ere ez dela aurreikusi bezala bete: “lehenik eta behin, Plan horrek langabetuen aldeko neurri aktiboen inguru mintzatzen da, baina neurri horien adibiderik ez dugu topatu. Aldiz, egunetik egunera gero eta ikasle gutxiago matrikulatzen da Lanbide Heziketan eta, oro har, kalitatezko enplegurako mailarik ez dugu eskaintzen ahal”.
NAFARROA BAIko parlamentariak esan bezala, “Plan horren beste helburuetako bat lanpostua sortzea eta enpresa izpiritua sustatzea zen; ez bata, ez bestea. Nafarroa egun azkena da estatu mailan enpresa berrien sorrera zerrendan; EAE, aldiz, lehena da horretan. Eta lanpostuen sorreran, ezer gutxi berri: aldikotasunak gora egin du, 2004an %23,9an zegoen; egun, %26,5ean da.
Gauzak horrela, NAFARROA BAIk dioenez, “Enplegu Planak porrot egin du eta ez da tresna egokia izan sikiera krisia aurreikusteko ez eta horretara egokitzeko. Berandu baino lehen, beste Plan berri bat behar dugu, zabalagoa, irekiagoa, anitzagoa. Eta Sanzek aditzera eman bezala, gizarte honen zati bat baztertzeko asmoa baldin badu, aurrez aurre izanen gaitu”.
Bestetik, Txentxo Jiménez gogora ekarri du “goitik behera porrot egin duen Enplegu Plan horrek, urteko, 150 milioi euro kostatu izan zaigu nafarroi”. Gainera, Jiménezek argi eta garbi adierazi nahi izan du egoera honetan, hots, krisi egoera honetan badela euren probetxurako lanean ari direnak, etekinak atera nahian, enplegu erregulazioak eginez inongo azalpen eta justifikaziorik eman gabe, eta Gobernuaren onespenarekin”.
|