Nafarroara irratia heldu zela 75. urteurreneko ekitaldien barruan dago Iturramako Civivox-en Irratimaratoia egitea, hurrengo azaroaren 27an, goizeko 10:30etatik gaueko 21:00etara. Ospakizun horren harira prestatu duen egitarauaren berri eman du Iruñeko Udalak.
Egitarau horren berri izanda, Nafarroa Baik uste duenez, “erakargarria da, baina beste behin, ez du gure hiriaren errealitatea adierazten, ez emisioei dagokienean ez entzule kopuruari dagokionean. Bada gure hirian aurten 20 urte betetzen dituen irratia, hemen Iruñean; Euskalerria Irratia, eskarmentua eta entzuleria izan arren, ez da agertzen Udalak prestatutako egitarauan.
Itziar Gomez koalizioko zinegotziak esan duenez, “guretzat errespetu kontua da; UPNk komunitate bat eta horrek dakarren guztia ezkutatu nahi du: ikusten ez dena ez da existitzen. Beraz, begiak eta belarriak zabaldu beharko zaizkie batzuei, Iruñean euskal komunitatea egon badagoelako, eta eskubide berberak dituelako”.
Nafarroa Baiko udal-taldeak gogorarazten du gure hiria Europako kulturaren hiriburu izateko hautagaitza prestatzen ari dela. Itziar Gomezen aburuz, “itxura baten, hiri honetako Udalak ez du kultur sentsibilitate minimorik, eta hori ezinbestekoa da hautagaitza errealitate bihurtu nahi bada”.
Horregatik guztiagatik, Nafarroa Baik eskatzen du Euskalerria Irratia egitarau horren barruan sartzea. Era berean, Mikel Bujanda, Nafarroako irratigintzan eskarmentu handia duen profesionala, ospakizun horietara gonbidatzea eskatzen du. Gomezek azpimarratu duenez, “kultura arloaren ardura daukan zinegotziak, Paz Prietok, ulertu behar du Udalean betetzen duen karguaren ardurak bere ideologia gainditzen duela eta kulturaren alorrean Udalarentzat betetzen duen jarduerak eskatzen duela hiritar guztiei begirako kultur jarduera prestatu behar duela”.