|
Nafarroa Baiko parlamentario Txentxo Jimenezek gaur goizean esan duenez, “ekonomia eta produkzio sarea kanpokoen eskuetan jartzeko UPNren ereduan defentsa gabe utzi ditu langile nafarrak”.
Jimenezek zehaztu duenez, “hamarkada batean baino gehiagoan laguntza publikoak ematen ari diren arren, multinazionalek ez dute interesik agertzen Nafarroan jarraitzeko”. Koalizioko parlamentarioak ohartarazi duenez, “Nafarroan beste inon baino gehiago hazi da langabezia eta langabetuen kopuruak gorakada izugarria izan du”.
Zentzu horretan, Txentxo Jimenez kezkatuta azaldu da tramitean dauden lan erregulazio espedienteen kopuruak gora egiten duelako etengabe. “Egoera horren aurrean, erregulazio horiei aurre egiteko borondaterik, proposamenik eta ekimenik ez daukan Gobernu bat daukagu”.
Era berean, Nafarroa Baiko parlamentarioak adierazi duenez, “UPN eta CDN egoera larrira eramaten ari dira Nafarroa, eta PSN beraien laguntzailea da bidaia horretan. Nafarroan langabeziaren hazkundea eragin duten horiei urrezko domina ematea lotsagarria eta zikina da”.
Jimenezek azpimarratu duenez, “Nafarroa Baik uste du krisi ekonomiko eta sozial hau bideratu beharra dagoela, eta era berean, milaka pertsona eta familia laguntzeko neurri sozialak beharrezkoak direla uste du, pertsona eta familia horiek langabezian eta diru-sarrera gabe geratu direlako”. |