|
Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak ohartarazi duenez, Erriberako herri batzutan UPN eta PSNren artean dagoen krisia ez da kasu berezi batzuen batuketaren ondorioa. “Arazoa orokorragoa da; gobernatzeko modu baten akiduraren ondorioa da”.
Zabaletak aipatu duenez, “Nafarroak, krisiaren ondorio beldurgarrien aurrean, bestelako konponbideak behar ditu, eta ez ditu behar nahaspila handi batean sartuta dauden alderdiak”. Zentzu horretan, koalizioko bozeramaileak uste du Cintruenigon ofiziala ez den beste kontabilitate bat izatea “eskandalua” dela. “Diru beltzez osatutako kontabilitate bat agertzea klase politiko guztiari kalte egiten dion eskandalua da, nahiz eta horren erantzuleak era horretako jarduerak egin dituztenak izan”.
Patxi Zabaletaren aburuz, “zoritxarrez, ustelkeria gaitz endemikoa da Nafarroako politikagintzan, eta horri aurre egin behar zaio gardentasunarekin, datuak ezkutatu gabe eta hersturarekin. Ribaforada eta Cintruenigoko kasuak ez dira bakarrak, adibide bat baino ez dira, eta horixe da larriena”.
Amaitzeko, Nafarroa Baiko bozeramaileak agertu du Nafarroako zenbait udaletan UPN eta PSNren artean sortu den krisiak lotuta dago bere garaian gobernu aurrerakoi eta alternatiboa sortzeko izan zen aukerarekin, eta beste behin agerian geratu da alternatiba horren premia. “Ribaforadan eta Cintruenigon gertatutakoak agerian uzten du Nafarroako egitura politikoaren aldaketa ez dela amaitu oraindik eta PSNren eta UPNren arteko haustura Nafarroak behar duen eboluziorako pauso bat baino ez da”. |