Nafarroa Baiko parlamentariak diren María Luisa Mangado, Nekane Pérez eta Paula Kasaresek Parlamentuan hezkuntzari buruzko zenbait ekimen aurkeztu dute.
“Lehenik eta behin azalduko ditugu komunikabideetan euskara sustatzeko diru-laguntzen mozketa dela eta aurkeztu ditugun zenbait ekimen. UPN, CDN eta PSNren elkarlanak komunikabide euskaldunak ekonomikoki itotzen ditu, Ttipi Ttapa Telebistaren itxierak demostratzen duen moduan”, azaldu du Paula Kasaresek.
“Jakina denez, iazko diru-laguntzarekin alderatzen badugu, %96eko murrizketa izan du diru-laguntza honek 2009rako Aurrekontu Orokorretan. Hau da, 2008an 310.000 euroko aurrekontua onartu zen, eta aurten aldiz 9.567 euro baino ez dira emango”.
“Nafarroako Gobernuak Euskararen bere lege propioa ez du betetzen, bertan adierazten baita instituzioek komunikabideetan euskararen presentzia sustatu behar dutela, horretarako beharrezko baliabideak eskainiz”, dio Paula Kasaresek.
“Horrela Ttipi Ttapa telebistaren itxiera salatzen dugu, jakinik, aurten komunikabide hauek jasango duten egoeraren hasiera baino ez dela, itxierekin, kaleratzeekin...
“Gauzak horrela, laster Parlamentuan Nafarroa Bairen mozio bat eztabaidatuko da. Bertan eskatzen dugu komunikabide hauen lana bermatzeko Nafarroako Gobernuak 2009rako beharrezko partida ekonomikoa ziurtatzea; komunikabide hauetan publizitate instituzionala jartzea; eta erregulazioa eta finantziazio ekonomikoa bermatzen duen akordio bat zinatzea”.
“Bestalde, pasa den astean jakinarazi genuen moduan beste bi ekimen aurkeztu ditugu. Batean Hezkuntza kontseilariari galdetu diogu ea bere euskararen legea betetzeko asmorik duen, hau da, ea komunikabideei euskara sustatu ahal izateko behar duten diru-laguntza emateko prest dagoen. Bigarrenean, Ttipi Ttapako ordezkariekin lan sesio bat eskatu da, beraien itxiera egoera azaltzeko”.
HIZKUNTZA EREDUAK:
“Kontseilariak hizkuntza ereduak desagerrarazteko asmoa duela jakinarazi ondoren, gure taldeak ponentzia parlamentario bat egitea proposatu zuen Nafarroan dauden eredu ezberdinen emaitzak aztertu ahal izateko. Gure harridurarako UPN, CDN eta PSNek galarazi zuten ekimen hau aurrera ateratzea. Horregatik gaiaren inguruko zenbait lan sesio egiteko proposamena luzatu dugu oraingoan, hasteko Nafarroako Ikastola Elkartearekin, Euskara Kultur Elkargoarekin eta Sortzenekin, geroago beste elkarte batzuekin lan sesioak eskatzeko asmoa dugularik”.
LANEGUN JARRAITUA:
”Bestalde, zenbait ikastetxek lan egun jarraitua ezarri nahi dute. Gure talde parlamentarioak 2007-2008 ikasturtean zenbait eskolek hasitako esperientzia ezagutu dadin, hiru bisita parlamentario egitea proposatu du, zehazki, Tuterako Virgen de la Cabeza ikastetxera, Vianako Ricardo Campano Ikastetxera eta Erriberriko Principe de Viana ikastetxera”.
0-3 URTEKO ZIKLOA:
“Azkenik, berriz ere, parametro zehatz batzuetan oinarritutako 0-3 urteko zikloa martxan jarri dadin mozio bat aurkeztu dugu. Era honetan zikloa unibertsala eta dohainekoa izatea nahi dugu, Hezkuntza Departamentuak kudeatua eta Nafarroako bi hizkuntzetan beharreko eskaintza ziurtatzen duena”.