NAFARROA BAI NAFARROARAKO HEZKUNTZA LEGE BERRIA PRESTATZEN HASI DA
(2009/Martxoa/3)
   
 

Nafarroa Baik prentsaurre bat eskaini du hezkuntzaren inguruko aktualitatea aurkeztu eta zenbait ekimen aurkezteko. Prentsaurrean parte hartu dute, koalizioko parlamentariak diren María Luisa Mangado, Paula Kasares eta Nekane Perezek.


 


“Gaur berean Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza batzordean gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen 11/1998 Foru Legea aldatzeko proposamena, Nafarroako Ezker Batuak aurkeztua, eztabaidatuko da. Nafarroa Baik Nafarroako Ezker Batuaren proposamena babestuko du, parlamentu talde honendako hezkidetza funtsezkoa baita. Gizartearen aniztasuna, parekotasuna eta arduren banaketa zuzena gizon eta emakumeen heziketaren benetako berdintasunetik eratzen da eta ez neskatikoak eta mutikoak banatuta”, azaldu du Paula Kasaresek.


 


“Nafarroa Bairen jarrera argituta, Nafarroako Alderdi Sozialistaren koherentziarik eza utzi nahi duzu agerian. PSNek iragarri duen abstentzioak neska-mutikoak banatzen dituzten ikastetxeek Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen ekonomikoak izaten segitzea ahalbidetuko baitu. Koherentziarik eza diogu, berak gobernatzen dituen Estatuko zenbait erkidegotan, PSOEk ikastetxe bereizle horien finantzaketa publikoaren kontrako jarrera hartu baitu. Hemen, Nafarroan, PSNren abstentzio hori eskuinari men egin izanaren bertze seinale gisa baino ez dugu ulertzen”.


 


“Bestalde, Nafarroa Baik salatu egin nahi du Sarrigurengo ikasleek ez dutela euren herriko ikastetxe publiko berrian Lehen Hezkuntza euskaraz egiteko aukera izanen. D eredua Haur Hezkuntzan baino ez da eskainiko nahiz eta Lehen Hezkuntzan ere eskaintzeko ikasle nahikoa izan”.


 


“Hori dela eta, Nafarroa Baik Parlamentuko Hezkuntza batzordean Eguesibarren euskaraz ere bai elkartearekin lan saioa egiteko eskaera egin duela iragarri nahi dugu, talde hori osatzen duten gurasoek azal dezatela euren seme-alabak euskaraz eskolatzeko orduan jasan duten bereizkeria eta horren ondorioak: seme-alabak ikastetxe desberdinetan izatea, seme-alaba bertze herri bateko eskolara joan beharra, garraioa, jantokia,... Eta horri loturik, parlamentu talde honek Hezkuntza kontseilariaren agerraldia ere eskatu du afera honi loturikoak ager ditzatela”.


 


“Nafarroa Baik bere kezka agertu nahi du, alde batetik Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua hezkuntzaren erreforma prestatzen ari baita Nafarroako hezkuntza arloan ari diren gizarte eragileak kontuan hartu gabe. Horrekin batera, Nafarroako Alderdi Sozialistak Hezkuntzaren Oinarrietarako bere Lege proposamena aurkeztu du”, adierazi du Paula Kasaresek.


 


“Hezkuntza kontseilaria prestatzen ari den Hezkuntza sistemaren berrikuntzan gaztelania-ingelesa elebitasuna aurkeztu du erreforma horren izar gisa. Nafarroa Bairen ustez ez da elebitasuna, eleaniztasuna baizik hizkuntza curriculumaren funtsa. Eleaniztasun horrek Nafarroako bi hizkuntzetan oinarrituta, lehen etapetan atzerriko hizkuntza bat eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, atzerriko bigarren hizkuntza ikastera jo behar du”.


 


“Oroitarazi behar dugu Nafarroa Baik Parlamentu honetan ponentzia bat egiteko proposamena egin zuela. Ponentzia bat gogoeta prozesu zabal eta ireki gisa Nafarroan izan diren ikastereduen ibilbidea eta haiek erdietsitako emaitzak aztertu eta Nafarroako Hezkuntza erreforma diseinatzeko oinarria izan behar zuena. Ponentzia bat non gogoeta prozesu hori Nafarroako hezkuntza arloan ari diren eragile desberdinen iritzia eta ikusmoldea kontuan hartuko zen. Baina UPNek, CDNek eta PSNek ponentzia sortzeko proposamen horren kontra egin zuten Hezkuntza Departamentuan baliabide tekniko aski bazirelakoan”.


 


“PSNren Hezkuntza oinarrietarako lege proposamenari dagokionez, Nafarroa Bairendako proposamen zehatz gabea da, deus berririk ez dakarrena eta, gure ustez, oinarrizkoak diren kontzeptuetan eskasa oso”:


 



  • “Proposamen horretan faltan hartzen ditugun gauzen artean dago, adibidez, 0-3 urteko zikloa, Nafarroa Bairendako unibertsaltasun, doakotasun eta publikotasun kontzeptuetan oinarritu behar dena, izaera hezitzailea duela, hau da, Hezkuntza Departamentuari loturik, eta Nafarroako bi hizkuntzetan, bederen, eskainia”.
  • “Bertze adibide bat, PSNren proposamenaren eskastasuna agerian uzten duena, eleaniztasunaren inguruko planteamendu motzak dira. Gure ustez, Nafarroan eleaniztasunean ibilbide eta eskarmentu handiko esperientziak ditugu, D eredua, eta horiek probestu behar dira”.
  • “Lanbide Heziketaren inguruan eskaintzen diren tituluak gaurkotu eta eguneratzeko ahaleginak egin behar dira, eta sustapen berezia emakumearen lan prestakuntza bultzatzen duten horietan. Alderdi sozialistaren proposamenean ez dago bildua kezka hori”.

 


Hori horrela, Nafarroa Baik iragarri nahi du “Nafarroarako hezkuntza lege berriaren proposamena prestatzen ari garela. Proposamen horrek agerian utzi ditugun arlo eta gabezia horiek guztiak kontuan hartuko dituela”.