Koalizioko parlamentariak gogoratu duenez, “Zapaterok agindutako 400 euroen banaketaren kontra azaldu zen Nafarroa Bai neurri fiskalen Legearen aurrekontu eztabaidan, besteak beste gure erkidegoan 66 milioi euro suposatzen baititu horrek”. Era berean, gogora ekarri du “joan den abenduko egoera eta gaur egunekoa ez direla berdinak, langabeziaren hazkunde handia izan delako, eta ia 40.000 langabetu daudelako erkidegoan, eta horietako batzuk ez dute langabezia-subsidioa jasotzeko eskubiderik izango, eta baldin badute, hurrengo hilabetean eskubide hori amaitu egingo zaie modu progesiboan”.
Jimenezek adierazi duenez, “gizartearen zati handi batentzat, eta batez ere langabezian geratu direnentzat, ondorio larriak eta dramatikoak izango dituen krisi larri honen aurrean, beharrezkoa da administraziotik politikak eta bitartekoak ezartzea errealitate horrek ekarriko dituen ondorio dramatikoak arintzeko”.
“Milaka pertsona daude eta beste milaka pertsona egongo dira hurrengo hilabeteetan euren eta euren kargupean dauden oinarrizko premiak ase ezinda. Horregatik, Nafarroa Baik uste du funts edo poltsa berezi bat sortu behar dela, legez ezarritako langabezia-subsidioa jasotzeko eskubiderik gabe geratu direnek, gutxienez 700 euroko laguntza jaso ahal dezaten hilean administraziotik.
Txentxo Jimenezek azaldu duenez, “Zapaterok agindutako 400 euroen legezko ezarpena egin zenean neurri fiskalen Legearen barruan, kanpoan utzi zituen PFEZ zerga aurkezteko gutxieneko kopuruetara iristen ez diren herritarrak, eta horiek ez dituzten 400 euroak jasoko. Nafarroa Baik, aurkeztu duen proposamenaren bitartez, nahi duena da aurreikusitako 66 milioi euro horiek behar handiena duten pertsonetara bideratzea”.