Nafarroa Baik mozioa aurkeztu du enpresa publikoetako goi-karguen soldatei mugak ezartzeko
(2009/Martxoa/5)
   
 

Nafarroa Baiko bozeramaile Txentxo Jimenezek mozioa aurkeztu du gaur goizean, “Nafarroako Parlamentuak Gobernuari eska diezaion gure erkidegoko enpresa publikoetako goi-karguen soldatei mugak ezartzea”. Jimenezek zehaztu duenez, “gaur egoera bitxi bat gertatzen ari da: enpresa publikoen ardurapean daudenek soldata neurrigabeak jasotzen dituzte, eta kasu batzuetan, Nafarroako Gobernuko presidentearena bikoizten dute, eta horri gehitu behar zaio beste enpresa batzutan edo administrazio kontseiluetan parte hartzeagatik soldata hori hazi egiten zaiela”.



“Enpresa publikoen kopurua neurri gabe eta modu abusiboan hazi da, eta horrekin batera, administrazio kontseiluen kopurua; horrek esan nahi du ehunka pertsona ari direla dietak jasotzen eta neurrigabeko soldatak jasotzen. Eta hori guztia diru publikoarekin egiten dute”.

Txentxo Jimenezek esan duenez, “Nafarroako sektore publikoaren birmoldaketa austeritatearen irizpidean oinarritua izan behar da, gizarteak bizi duen krisi egoera zein den kontuan izanda”.

Era berean, Nafarroa Baiko parlamentariaren ustean, “enpresa eta fundazio publikoak eta beraien administrazioak, administrazioaren parte direnez, zehaztasunaren, austeritatearen eta jarrera irregularren kontrako irizpideak eta neurriak bete behar dituzte; horiek beti dira behar-beharrezkoak, baina krisi garaiotan zorroztu egin behar dira, ez bakarrik funts publikoen erabilera egokia egiteko, politika eta administrazioa eredu izan behar direlako eta beraien izen ona berreskuratzeko ere bai”.

“Mozioaren helburua da goi-karguek gehienez ere 72.000 euroko soldata izatea, Legeak kontseilarientzat zehazten duen bera. Era berean, dieta edo administrazio kontseiluetan, erakundeetan edota batzordeetara joateagatiko dietak %20 baino gehiago ez izatea”.