Nafarroa Bairen ustez, Zapateroren Gobernuan egindako aldaketak “ezegokiak eta okerrak” dira
(2009/Apirila/7)
   
 

Nafarroa Baiko bozeramaile Patxi Zabaletak Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuan egiten ari den aldaketen inguruan esan duenez, “berrikuntza hori ezegokia eta okerra da Estatuko Gobernuak aurrean dauzkan erronka ekonomikoei, sozialei eta politikoei aurre egin ahal izateko”.



Zabaletaren aburuz, “aldaketa ezegokia da, Gobernuan Chaves eta Blanco bezalako pertsonaiak sartzea ekarri duelako, eta bi horiek kontrolatzaile lana egin dute PSOE barruan ere bai. Zapaterok Gobernua kontrolatzeko beharra duenarena da ematen ari diren mezua; hau da, azken batean Zapaterori Gobernuak esku artetik ihes egin diola esaten ari dira”.

Nafarroa Baiko bozeramaikeak ohartarazi duenez, “arlo ekonomikoan okerra da, Salgado andereak egungo egoera ekonomikoak eskatzen dituen ekimen ausart, berri eta konprometituak abian jartzeko akreditazio espezifikorik ez daukalako. Bere biografia Administrazio Publikoaren kudeaketara mugatzen da batez ere, eta beraz, arlo ekonomikoan zein sozialean ez du inolako sinesgarritasunik eskaintzen”.

Patxi Zabaletak adierazi du Hezkuntza Ministerioan egingo den enegarren aldaketak ere ez daukala zentzurik. “Arlo horretan gobernu sozialistek ez dute egonkortasunik ez epe luzerako ikuspegirik finkatzen. Azken finean, Gobernu aldaketa honek agerian uzten du Zapateroren irudi eta mezu politikoak agortuta daudela”.

Koalizioko bozeramaileak agertu duenez, “Nafarroatik kontuan izan behar dugu Nafarroako Gobernu ultrakontserbadoreari babesa ematean protagonista izan ziren bi pertsonak, Chaves eta Blanco, ministro kargura igo dituztela. Horrek agerian uzten du Zapaterok ez daukala gaitasunik gizarteak eskatzen dizkion programa aurrerakoiei bidea emateko, nahiz eta inoiz bide hori egingo zuela uste izan zuten askok”.

Nafarroako gobernu aurrerakoia gelditu izanaren kontura, berriz, Zabaletak esan du Nafarroako kasua EAEko kasuaren aurrekaria izan zela, “Nafarroan politika aurrerakoiei bizkarra eman ziotenak Estatuko gobernuan izango dira orain”.