NaBaik etxebizitza legearen larrialdi neurriei osoko zuzenketa aurkeztu die
(2009/Apirila/8)
   
 

Nafarroa  Baik osoko zuzenketa aurkeztu dio hirigintza eta etxebizitza legearekin lotutako larrialdietarako neurriz Nafarroako gobernuak osatu duen lege proiektuari. NaBairen parlamentario Txentxo Jimenezek azaldu duenez, "gobernuak lurralde legeari eta parlamentuak onartu zuen etxebizitza legeari eragiten dieten aldaketak egin nahi die aurkeztutako lege proiektuarekin, izan ere, prezio mugatuko etxebizitza libreko eredu berri bat sortu nahi dute lege proiektuarekin". Jimenezen iritziz, "etxebizitza librearen prezioak jaistea geratzeko asmoa du gobernuak, gutxieneko prezioak ezarriz; gainera, etxebizitza librearen erosketari laguntzen ari zaio  babestutako etxebizitzen laguntzak baino handiagoak diren salbuespen fiskalekin".


Jimenezek kritikatu egin du "esku-hartzea, jasaten ari garen krisia eraikuntzaren lekuz kanpoko erabateko garapenak eragin duenean. Iruņerrian milaka etxebizitza huts egotea eragin du garapen horrek eta krisi egoerak eragin du etxe horien prezioek behera egitea".


NaBairen parlamentarioak esan du Nafarroako gobernuak arlo horretan egindako politika ez dagoela justifikaturik; "arlo pribatuaren negozioari bakarrik erreparatzen dio arlo publikoari jaramonik egin gabe".


Era berean, Jimenezek salatu  du "lege proiektu horrek jada eginda dauden etxebizitza planen eraikigarritasuna %30 igotzea ekarriko duela. 1.000 etxetako planetan promotoreek 1.300 etxe egitea eskatu ahalko dute egin nahi duten modifikazioari esker, 300 etxebizitza gehiagoko irabaziak izango dituzte".


 Osoko zuzenketarekin batera, beste 20 zuzenketa partzial aurkeztu ditu NaBaik, tartean, landa eremuetan babestutako etxebizitzak egiteko eta etxe handiak birgaitu eta babestutako etxebizitza bihurtzeko, %60ko diru-laguntzekin. Era berean, etxebizitza publikoa eskuratzeko eskatzaileen diru sarreren gehienezkoa %30ekoa izatea proposatu du NaBaik eta arazo ekonomikoak tarteko euren etxea galtzen dutenei, automatikoki, babestutako etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezatela.