|
Iruñeko Udaleko NAFARROA BAI koalizioaren udal taldeak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu du Nafarroako Administrazio Auzitegian Rodeznoko Kondearen plazaren izena bere horretan mantentzeko erabakiaren kontra. Izan ere, Iruñeko Alkatetzak erabaki zuen plazaren izena mantentzea, baina bere noble-tituluagatik eta ez titulu hori izan zuen zazpigarren pertsonagatik: Tomas Dominguez Arevalo, “Francoren lehen justizia ministroa”, Aritz Romeo NAFARROA BAIren zinegotziak gogoratu duen bezala.
Romeok prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, eta bertan esan duenez, “Yolanda Barcina alkateak legedian zirrikituak topatu nahian dabil”. NAFARROA BAIren errekurtsoa zertan oinarritzen den ere zehaztu du: “boterearen desbideratzean eta lege iruzurrean oinarritzen da; azken baten, ahalegina egiten ari dira memoria historikoaren legeak eta ikurren foru legeak esaten dutena ez betetzeko, eta era horretara, plaza Rodeznoko Kondea deitzen jarraitu nahi dute”.
Aritz Romeok san du Alkatetzarena Iruñeko txoko horri izen hori mantentzeko “amarrua” baino ez dela, “era horretara, diktaduraren memoria bizirik mantendu nahian”. “Barcinak ihes egin nahi dio indarrean dagoen legediari, frankismoko ikur bat bizirik mantentzeko asmoarekin”.
Romeok gaineratu du ez dela Barcinak eta UPNk antzeko zerbait egiten duten lehen aldia, beste inoiz ere uko egin diotelako hiritik Francorekin lotutako ikurrak kentzeari. Hala, Txantrea auzoko 20 kaleetako ikurra kentzeari edo Francori hiriko seme kuttun titulua kentzeari uko egin ziotela gogoratu du.
Romeok agertu du bere taldeak ulertuko lukeela plazari Rodeznoko kondea deitzea noble-tituluak hiriarekin nolabaiteko lotura izanez gero. “Baina ez da horrela, Iruñearekin ez dauka inolako zerikusirik”.
“Horrek guztiak eragiten du NAFARROA BAIk eta beste udal talde batzuek epaitegietara jo behar izatea, Barcinak eta bere gobernu taldeak egin dituzten lege-hausteak konpontzeko. Beste behin agerian geratzen ari da beraiek direla Iruñeak inoiz izan dituen kudeatzailerik txarrenak”.
Romeok esan du alkatearen kudeaketa “irregulartasunez” eta “epaitegietan izandako iraulketekin” beteta dagoela. “Uzten digun balantzeak agerian uzten ditu herritarren haserrea, kudeaketa txarra, irregulartasunak, epaiketak eta hiritarrek euren poltsikoetatik ordaindu beharko dituzten zor handiak”.
Nafarroako Administrazio Epaitegian jarri duen errekurtsoan NAFARROA BAIk hainbat froga aurkeztu ditu, besteak beste, egunkarietako albisteak, eta Barcina alkateari adierazpena hartzea eskatzen du. Horrez gain, honako hauei ere adierazpena hartzea eskatzen du: Jose Luis Molins udal artxibategiko arduraduna, Uxue Barkos (NaBai), Maite Esporrin (PSN), Marine Pueyo, Mirentxu Agirre Nafarroako Afusilatuen Elkarteko ordezkaria, Ana Barrena Memoriaren Bideak elkarteko kidea, Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kide bat, eta aurreko legealdietako zinegotziak (Patxi Zabaleta, Javier Iturbe, Javier Eskubi eta Javier Ayesa). |