NaBaik salatu du Nafarroako Parlamentuan “oposizioa egiteko dagoen bitarteko gabezia”
(2009/Maiatza/11)
   
 
Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea egin baino lehen Zabaletak adierazi duenez, “ahozko 125 galdera aurkeztu ditugu guztiak Errepideen II. Planarekin lotutakoak, eta hori egin dugu ez oztopoak jartzeko, oposizioa erantzukizunez egiteko aurkeztu ditugu galderak”.

Gogoratu duenez, orain urte batzuk Nafarroako Parlamentuan adostu eta onartu zen interes orokorreko interpelazioak onartuak izango zirela. “Baina legealdi honetan hori murriztu dute UPN eta PSNren botoei esker. Horixe bera gertatu da II. Errepide Planaren gai zehatzarekin”.

Aurreko astean, NaBaik interpelazio bat aurkeztu zion Gobernuari, “kontuan hartuz gai hori interes orokorrekoa dela, baina interpelazioa ez zen onartua izan. Baina une berean, PSNk ekimena aurkeztu zuen gai beraren gainean, NaBairena kopiatuz”.

Zabaletaren aburuz. “jokatzeko modu horrek agerian uzten du oposizioa egin ahal izateko bitartekoak murriztu nahi dituztela UPN, CDN eta PSNk”. Gai zehatz honi dagokionez, NaBaik neurriak hartu ditu eta 125 galdera aurkeztu ditu Errepideen II. Planaren inguruan, “plan horrekin zerikusia dituzten gaiak banan-banan erantzun ditzaten”.