Nafarroa Baiko kargu publikoak Audientzia Nazionaleko Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko prest daude Berriozarko salaketaren inguruan
(2009/Iraila/29)
   
 

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, “Berriozarko txupinazoan izan ziren Nafarroa Baiko parlamentariak, alkateak eta zinegotziak prest daude Audientzia Nazionalean bertan ikusi zutena azaltzeko, festetako gertakarien inguruan Berriozarko Udalak jaso duen salaketaren aurrean”.



“Foru Poliziaren zuzendaritzak Fiskaltzari bidali dion txostenaren prestaketan garatu duen jarduera ez dela zuzena izan deritzogu eta ez dagoela zuzenbide arauetan oinarrituta. Aurrekari larria da, eta oinarri juridiko zalantzazkoak ditu. Nafarroako Gobernuaren beste arduragabekeria larri baten aurrean gaude”, esan du.

Nafarroa Baiko parlamentariak ohartarazi duenez, “komunikabideen bitartez jakin dugu Fiskaltzak salaketa aurkezteko asmoa duela txupinazoan edota udaletxean urtero egiten den sari-banaketaren inguruan, baina gu gertatu zenaren lekuko zuzenak izan ginen, eta ekitaldi horiek jai giroan, giro baketsu eta normalean eta herritarren parte hartze handiarekin igaro ziren. Hori dela eta, eta Foru Poliziak egindako txostena okerra iruditzen zaigunez, prest gaude Audientzia Nazionaleko Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko, gertaera alai, baketsu eta jendetsuetan gertatutakoa azaltzeko”.

Nafarroa Baik ustez, UPNk eta bere gobernuak Berriozarko herriaren, herritarren eta Udalaren kontra abian jarritako jazarpenerako arrazorik ez dago, eta Fiskaltzari eskatu nahi dio salaketa bertan behera uztea, bakearen eta normalizazio politikoaren mesedetan.