NAFARROA BAI HEZKUNTZA LEGEAREN AURREAN
(2009/Iraila/21)
   
 

Nafarroako Parlamentuak ponentzia bat eratu du PSNk aurkeztu duen Hezkuntza oinarrietarako Lege proposamena eta Hezkuntza Departamentuak idatzitako Plan estrategikoa aztertzeko. Aipatu ponentzia horrek joan den ortziralean, irailak 18, hasi zuen bere lana.


NAFARROA BAIk PSNren Hezkuntza oinarrietarako Lege proposamena aztertu du eta proposamen horretan Legea bera definitu beharko luketen hainbat kontzeptu funtsezkoren falta antzeman du eta, gainera, oinarrietarako lege proposamena izanda, zehaztugabeegia izateko arrisku handia dago.


Horregatik, NAFARROA BAIk konpromisoa hartu zuen, hezkuntza arloko elkarte anitzen parte hartze zabalaren laguntzaz, bere Hezkuntza Lege proposamena prestatzeko.


Eta hala egin dugu, geure Hezkuntza Lege proposamena prest dugu baina, ponentziarako ezarri den egutegia kontutan hartuta eta gure proposamenak bere garapenerako beharko lukeen babesa ez zuela bilduko ikusita, gure proposamenak ponentziara eraman eta emendakin gisa aurkeztuko ditugu.


NAFARROA BAIren ustez, Nafarroako hezkuntza sistema arautuko lukeen Foru Legeak izan beharko lituzkeen elementu funtsezkoetarik zenbait honakoak dira:


1.     Irakaskuntza publikoaren aldeko apustu garbia. Eskola publiko kalitatezkoa nahi dugu; desberdintasun sozio-ekonomikoen berdintzailea; parte hartzekoa; integratzailea eta integratua bere inguruan; elkartasuna, justizia eta berdintasuna sustatzen dituena; non inork ez duen bere burua baztertua ikusten. Izpiritu kritikoa duten pertsonak hezten lagunduko duen eskola, ideien trukean eta elkarren errespetuan oinarrituta, nork bere ikasteko prozesu bereziak dituela beti kontuan hartzen duena.


2.     Irakasle ongi prestatuak, lanerako piztuak eta haien lanean aitortuta sentitzen direnak.


3.     Familien eta gizartearen inplikazioa eskola komunitatearen bizitzan.


4.     Eskola publikoaren lanean sinesten duen eta hura sendotzen duen Administrazioa.


5.     Eta horretarako guztietarako Hezkuntzak hornidura egokia izan beharko du aurrekontuetan.


Hori da, gure ustez, eskola publikoaren ezaugarri nagusiak eta eskola publikoak bete beharko lukeen funtzioaren gaineko ideia orokorra.


 


Legeari dagokionez, NAFARROA BAIk orain artio egin duen bezala, honako hauek defendatuko ditu:


1.     Eleaniztasuna eskaintzea hezkuntza maila guztietan, Nafarroako bi hizkuntzetan oinarrituta eta ingelesa, frantsesa edota Europako edo Europatik kanpoko bertze hizkuntzaren bat gehituta.


2.     0-3 urte bitarteko eskola eskaintzea, hezkuntza publiko, unibertsal eta doako izaera duena, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak kudeatua eta finantzatua.


3.     Lanbide Heziketaren berritzea, gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatuz eta tituluak aurrerakuntza teknologikoetara, ingurura eta lan merkatura egokituz.


4.     Musika eta arte eszenikoen eta Gorputz Heziketaren batxilergoa eta goi mailako ikasketak eskaintzea.


5.     Ikastetxeen autonomia bermatzea, heziketa eta prestakuntza praktika onak aitortuz eta sustatuz.


6.     Teknologia berriak ikastetxe guztietan ezarri eta berritzea.


7.     Arreta berezia ematea landa eremu eta herri txikiei.


8.     Hezkuntza sistema ebaluatzea irizpide objektibo eta argien (eta, batez ere, kanpokoen) bidez. Ebaluazio Institutua sortzea Hezkuntza Departamentuaren barnean.


Gure ustez, gure proposamenak onargarriak dira beren burua aurrerakoitzat jotzen duten alderdiendako.


Kontuan hartu behar dugu, gainera, PSNk bere Hezkuntza oinarrietarako Lege proposamenean gizartearen adostasun zabalaren alde jo zuela Nafarroako sentiberatasun desberdinak bilduko lituzkeen hitzarmen batera iristeko. Beraz, ez ditugu Arraiza andreak joan den astean prentsari egindako adierazpenak ulertzen, erran baitzuen PSN irekita dagoela Nafarroako Gobernuarekiko hitzarmena bilatzeko, hezkuntza itun moduko bat, Nafarroan hezkuntza sistema berritzailea, sinesgarria eta sendoa lortzearren.


Non geratu da, ordea, lehenago proposatu zuen adostasun zabala?


PSNren ordezkariak Nafarroako Unibertsitate Publikoa lehiakorra izan dadin finantzazio egokia eskatu zuen, baina ikusten dugu PSNk oztopatu baizik ez duela egiten gizarteak galdetzen dituen titulazio berriak ezartzeko saiakera oro, Medikuntza titulazioarekin egin duen bezala. Titulazio hori berehala ezartzea babestu beharrean, denboran luzamenduetan ibiltzea nahiago izan du eta aukera hori aztertzeko ponentzia eratu.


Berriz ditugu PSNren hitzen eta ekintzen arteko betiko kontradikzioa.


Nork hitzartzen ditu aurrekontuak? Ez al dago UPN, CDN eta PSN alderdien arteko hitzarmen politikorik aurrekontuetarako?

NAFARROA BAIk, Nafarroarako Hezkuntza Lege bat egiteak duen garrantziaz oharturik, dei egin nahi dio PSNri bereziki, bere aurrerakoitasuna ekintzen bidez ager dezala, eta lagun dezala Hezkuntza Lege berria benetan Nafarroan diren sentiberatasun desberdinen ondorioa izan dadila.