|
Nafarroako Parlamentuan kazetariek egindako galderei emandako erantzunetan gaineratu duenez, “Iruñeko Udalean eta NaBai eta PSNren arteko hitzarmena egin zen beste zenbait udaletan UPN eta PSNren arteko gobernu koalizioa egon izan da indarrean”.
Horregatik guztiagatik, “funtsezko aldaketarik ez” dela egon azpimarratu du. “NaBairekin zituzten akordioak haustea antzezpena baino ez da, hauteskundeak jomuga bezala hartuta egindako antzezpena, baina horren atzean, mami gutxi dago”.
Zeuden akordioak hautsi ondoren, Nafarroa Baik “Nafarroako bizitza politikoan lasaitasunez eta zintzotasunez” jarduten jarraituko duela nabarmendu du Zabaletak. “Gauzak diren bezalakoak dira, eta guk oinarri demokratikoen arabera jardun behar dugu, aniztasuna eta herritarren berdintasuna defendatuz”.
Nafarroa Baik alkatetza daukan zenbait udaletan zentsura mozioak gertatu daitezkeela eta, Zabaletak esan du “duintasunez” egingo diela aurre, “Barañaingo zentsura mozioaren aurrean jokatu genuen duintasun berarekin”.
“Inork ezin digu leporatu Barañaingo zentsura mozioaren ondoren gure ahots tonua jaso genuela. Nafarroan eta udalerrietan oposizio lana duintasunez egin behar dugu”, agertu du Zabaletak. |