|
Fernandez de Garaialdek ohartarazi duenez, “Goizuetan dagoen egoeraren jatorria 2008ko ekainean dago, Lehen Arretarako Zuzendaritzak etengabeko arretarako gunea kendu zutenetik. Orduz geroztik, Goizuetan erizain bat dago bakarrik 15:00 aurrera, eta sendagilera joateko, Leitzara joan behar da”.
“Guztiok ezagutzen dugu non geratzen den Leitza Goizuetatik, zein azpiegitura lotura dagoen bi herrien artean, dagoen sakabanaketa geografikoa eta inguru horretan biztanleria zaharkitua dagoela. Aurretik esan genuen, eta berriro esango dugu orain, Osasun Departamentuak hartutako erabakiak eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea murriztea ekarri behar zuela”.
Fernandez de Garaialdek adierazi duenez, “azken gertakarien aurrean, eta Osasun Departamentuak eta kontseilariak erantzukizunik hartzen ez dutela kontuan izanda, eta gainera, errua inguru horretako profesionalei eta SOS Navarra-ri bota nahi diotela ikusita, Parlamentuak jarrera hartzea nahi dugu, Goizuetak uneoro sendagilea eta erizaina izan dezan”.
|