Nafarroa Baik dio UAGNi eta UCANi domina eman izanak Sanzen Gobernuaren narriadura agerian uzten duela
(2009/Azaroa/9)
   
 

Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak gaur eguerdian esan duenez, UAGNi eta UCANi Nafarroako urrezko domina eman izanak “agerian uzten du Nafarroako Gobernuaren narriadura, egoera txarrean dauden nekazari eta abeltzainei lagundu beharrean bi erakunde saritzen dituztelako”.



“Sanzen Gobernuak bere aurpegia garbitu nahi du sari horiekin, lehen sektoreak bizi duen krisiari aurre egiteko gaitasunik ez daukala erakutsi duelako”, esan du Nafarroa Baiko bozeramaileak. Zabaletak gogoratu duenez, “duela hilabete batzuk, Gobernuak ezarritako neurrien aurka mobilizatzen ari dira eta laguntza neurriak ezartzea eskatzen ari dira, eta Sanzi otu zaion gauza bakarra izan da sindikatu bati eta UCANi urrezko domina ematea”.


Zentzu horretan, Nafarroa Baiko bozeramaileak esan du Nafarroako nekazari eta abeltzainek nahi duten aitortza bakarra dela beren eskaerak betetzea, “eta PSNren laguntza daukan UPNren gobernua hori lortzetik oso urrun dago”.