NAFARROA BAIK EUSKERARI BURUZKO LEGEA ALDATZEKO PROPOSAMENARI AURKEZTU DIZKION EMENDAKINAK EZAGUTARAZTEN DITU
(2009/Urria/26)
   
 

Nafarroa Baik hizkuntza politika eta hezkuntza arloetan eginen dituen ekimenak aurkeztu ditu prentsaurreko baten bidez. 


 


 


"Lehenik, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, aldatzeko proposamenari bihar aurkeztuko dizkiogun emendakinak azalduko dizkizuegu.


 


Lehen emendakinean zera planteatuko diogu Nafarroako Ezker Batuak proposatutakoari: Nafarroako bi hizkuntza berekien koofizialtasuna Foru Komunitateko lurralde osoan.


 


Nafarroa hizkuntza eremutan zatikatzen duen zonifikazioa berriz ere Parlamentuan eztabaidatu behar den honetan, Nafarroa Baik uste du kinka honetan geure buruari galdegin behar diogula zer zentzu duen egun Nafarroa eta nafarrok hizkuntza eremutan zatikatzen dituen zonifikazio horrek.


 


Zer zentzu du egun zonifikazioak gero eta normaltasun handiagoz Administrazioaren leihatila birtualaz baliatzen bagara; eta Administrazioak gero eta gehiago informazioa, izapideak, bai eta zerbitzuak ere bere webguneen bidez eskaintzen baditu?


 


Zer zentzu du egun zonifikazioak hezkuntza eleanitza gero eta ohikoagoa bada?. Eskola kurrikuluek hizkuntza bat baino gehiago badute irakasbidea eta nafarrek beren seme-alabek hizkuntza atzerritarrez ikastea hautatzen ahal badute, zer dela eta ezin dute hautatu euskaraz ikastea?


 


Nafarroa Bairendado zonifikazioari eustea eragozpen bati eustea da, eta eragozpena inposizioa da: hautatzen uzten ez duen inposizioa.


 


Nafarroa Baik ez du eragozpenik nahi, ez du inposiziorik nahi. Nafarroa Baik aukerak nahi ditu, Euskara aukera izan dadila nahi du: aukera eta eskubidea Nafarroa osoan.


 


Hori horrela, ezin dugu onartu Euskarari buruzko Foru Legea 1986an onartu zen bezala eta egun, 23 urte pasatu eta ondoan idatzita, jarraitzen duen bezala.


 


Lehen emendakin horri bertze bat erantsi diogu, bigarren emendakina lehengoaren subsidiarioa da, hau da, lehendabizikoa onartu ezean eztabaidatuko genuke. Bigarren emendakinean Nafarroa Baik proposatzen duena da eremu mistoa honako udalerri hauetara zabaltzea: Zangoza, Viana, Tafalla, Mendigorria, Ameskoa eta Zirauki, bertzeak bertze. Izan ere, gizarteak hala eskatzen duelakoz eta datu soziolinguistikoek hala adierazten dutelakoz, udalerri horiek eremu mistoan sartzea egokia da. Bai Iruņerrian egoteagatik, bai gizartearen dinamikagatik, eremu mistoan egoteak dakartzan zerbitzuak eta eskubideak baliatu ahal izatea onura izanen litzateke haiendako.


 


Azkenik, bigarren emendakin hori ere onartzeko aukerarik ez balego, Nafarroako Ezker Batuaren proposamena, hau da, eremu mistoa 10 udalerri gehiagotara zabaltzea, babestuko genuke. Babestuko genuke ez asebetetzen gaituelako, eragozpenak murriztuko lituzkeelakoz baizik. Erran dugu eta segituko dugu erraten aldaketa hori eskasa dela, guztiz eskasa.


 


Aurkeztu nahi dugun bigarren ekimena mozio bat da. Mozioak bi ebazpen proposamen ditu.


 


Lehendabizikoan, Nafarroako Gobernua premiatzea AEK eta IKA erakundeekin hitzarmena egitea proposatu dugu, bai eta horietarako Uharteko Zubiarte euskaltegirako ezarrita dagoen diru sail antzekoa aurreikustea ere, helduak alfabetatzen eta euskalduntzen Nafarroa osoan egiten duten lanagatik.


 


Bigarrenean, Nafarroa Baik proposatu du Nafarroako Parlamentuak AEK eta IKA erakundeek azken 40 urteotan helduak alfabetatzen eta euskalduntzen egindako lan saiatuari aitorpen publikoa egitea.


 


Kontuan hartzekoa da azken 9 urteotan bi erakunde horiei emandako diru laguntza publikoek % 40 egin dutela behera eta, horren ondorioz, gizarte ekimenak bultzatutako euskaltegi horietan (Administrazioak berak egin beharko lukeen lana egiten duten horietan) euskara ikastea erabakitzen dutenek anitzez ere gehiago ordaindu behar izaten dutela Administrazioaren euskaltegietan egiten dutenek baino.


 


Ekimen horietaz gain, azaldu nahi dizuegu Nafarroako Ezker Batuarekin batera lan saio bat eskatu dugula Biderra elkarteak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean bere lan eta arazoen berri eman dezala. Biderra elkarteak Nafarroako erdi aldeko Mendigorria, Artaxoa eta Larraga udalerrietako familiak biltzen ditu. Familia horiek beren seme-alabak D ereduan eskolatu nahi dituzte eta horretarako eragozpen anitzi egin behar izaten diete aurre.


 


Bukatzeko, publikoki salatu nahi dugu 2010erako aurrekontuen zirriborroa Nafarroako Parlamentura ofizialki urriaren 31n iristekoa bada ere (beraz, gure parlamentu taldeari egun horretatik aitzin iritsiko zaizkio), prentsaren bidez jakin dugu Hezkuntzako diru sail funtsezkoek (NUPek, bekek, euskararen sustapenak, Nafarroako Antzerki Eskolak, Euskaltzaindiak...) diru murrizketa handiak izanen dituztela. Aurrekontuen zirriborroa eskuetan dugularik horren gaineko balorazio osoa eginen dugu."