Aralarrek eskatu du CANeko Langile Batzordea Parlamentuan agertzea, langileen kaleratzeaz eta Caja Canariasekin fusioaz hitz egin dezaten
(2009/Azaroa/18)
   
 

Atzo arratsaldean, Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentaria Langile Batzordeko ordezkariekin bildu zen eta agerraldi hori adostu zuten, “Parlamentuak lehen eskutik ezagutu dezan kaleratzeen ondoren Nafarroako Kutxan sortu den egoera eta langileek fusioari buruz duten iritzia zein den”.


Bestalde, atzo parlamentuan egindako agerraldian Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eta CANeko presidenteak esan zuen Nafarroako Kutxa ez dela elkarte publikoa. Horri buruzko informazio zehatza jasotzeko, Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak txosten juridikoa eskatu die ganberako zerbitzuei.


CANeko presidenteak egindako adierazpenen ondoren, Zabaletak jakin nahi du “CAN izaera pribatuko erakundea izanez gero, Sanz jaunak legediaren bateraezintasunen gainean esaten duena edo zuzentzen duen erakundeari dagokion beste arauren bat ez duen betetzen”.


“CANeko presidente izatean Sanz jaunak Bateraezintasun Legea ez badu betetzen, Gobernuaren kontrolerako jardueren artean zein bide hartu ahal du oposizioak?”, galdetu du Nafarroa Baiko bozeramaileak.


Zabaletak gogoratu du goi-karguen bateraezintasunen foru legeak jasotzen duela jarduera pribatuekin bateraezintasuna dagoela hiru egoeratan: a) Ondarearen kudeaketa. B) Jarduera literarioak, artistikoak, zientifikoak edo teknikoak. C) Kultur edo ongintzako erakundeetan parte hartzea. Txosten juridikoaren eskaera arrazoitzeko, Nafarroa Baiko bozeramaileak azaltzen duenez, “Parlamentuan, bilkuretan zein batzordeetan, Miguel Sanzek agertu du berak gidatzen duen Nafarroako Aurrezki Kutxa erakunde pribatua dela”.