Xabi Lasak hurrengo ostegunean deklaratuko du Iruńean, Berriozarko txupinazoagatik
(2009/Azaroa/19)
   
 

Berriozarko Udaleko Nafarroa Baiko udal taldearentzat “txupinazoa jendetza bildu zuen ekitaldi herrikoi eta partehartzailea izan zen, eta bertan ez zen terrorismoaren goratzerik izan”. Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko Tokiko Administrazioetako bozeramaileak ohartarazi duenez, “ekitaldian izan ginen parlamentariak, alkatea eta zinegotziak lekuko gisa agertzeko prest gaude”.


Txentxo Jimenezen aburuz, “zitazio hau PSOE Justizia Ministerioaren eta Barne Ministerioaren bitartez ezartzen ari den ikuspegi antidemokratiko eta errepresiboaren beste urrats bat da. Fiskaltza eta Audientzia Nazionala erabiltzen ari da indarkeriaren arloan bere ikuspegia eta interes politikoak inposatzeko”.


Koalizioko parlamentariak adierazi duenez, “orain bi urte PSOEk, Fiskaltzak eta Rubalcaba jaunak esaten zuten ANV Berriozarko udal hauteskundeetara aurkeztea urrats positiboa zela eta Zapatero berak ETA eta Batasunarekin zeukan negoziazioa goraipatzen zuen”.


Amaitzeko, Txentxo Jimenezek esan duenez, “Nafarroa Baiko kideak terrorismoaren goratzearekin harremana duten delituekin lotzeko ahalegina egiten ari da PSN, eta horren bitartez, indarkeria bere alderdi interesetarako erabiltzen ari da. UPNko eskuinarekin egiten ari den elkarlanak egiten uzten ez dion lan politikoa egin nahi du horren bitartez, eta gizartearen aitortza eskuratu”.