Nafarroa Bai prest azaldu da Etxebizitza Legea negoziatzeko eta adosteko, arrazoizko zuzenketak aurkeztu baititu
(2009/Azaroa/19)
   
 

Aurreko astelehenean foru gobernuak onartutako Etxebizitza Lege berria negoziatzeko eta adosteko prest azaldu da gaur Nafarroa Bai. Hala, “arrazoizko zuzenketa erabat onargarriak” aurkezteko asmoa dauka orain, legeak “pertsonei eta ez enpresariei” mesede egiteko.



Hala, adierazi du gaur prentsaurrekoan Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko etxebizitza arloko bozeramaileak. Era berean, behin etxebizitza legearen proiektua ezagututa, “negoziatzeko eta bozkatzeko” prest dagoela azaldu du, bertan jasotzen diren planteamendu askoren alde baitago.


Hala ere, badaude Nafarroa Bairen babesa jasoko ez duten zenbait puntu. “UGT eta CCOO sustatzen ari diren etxebizitzen sustapenerako kooperatibekin ez gaude ados, eta PSN proposatzen ari denaren kontrara, guk proposatuko dugu edozein erakunde sindikalaren mesederako izango den baremo eta errolda bakarra ez jartzea legean”.


Jimenezek legea osoaren irakurketa baikorra egin du, egungo egoerarekin alderatuta aurrerapausoa delako. “Aspaldi honetan arlo honetan Nafarroan egin den guztia ez da egon eskariari eta beharrei bideratuta; sektoreko eragileen eskariari eta eskaerei begira izan da gehiago”.


Nafarroa Baiko parlamentariak esan duenez, Etxebizitza Lege berria “pertsonei bideratuta egon behar da. Gainera, eta batez ere, etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituzten gizarteko sektoreei arreta handiagoa jarri behar die”. Zentzu horretan, Nafarroa Baik uste du administrazioak etxebizitza publikoa edo diru laguntzak sustatzeko lana egin behar duela.


Gaur egun dauden babes publikoko lau etxebizitza motetako bi kentzearen alde azaldu da Jimenez, erregimen berezikoa eta adostutako salneurrikoak. Lehenengoa erregimen orokorraren barruan sartuko dute, guettorik ez sortzeko asmoarekin.


Salneurri adostutako etxebizitza motei dagokionez, Jimenez horiek desagertzearen alde agertu da. “Krisiaren ondorioz izan diren salneurrien jaitsierarekin agerian geratu da etxebizitza librearekin alderik ez dagoela, eta logikoa da desagertzea”.


Babestutako etxebizitza eskatzaileen errolda bakarra izatearen eta bertan izena emateko modu aktiboa egoteko aukera izatearen alde dagoela esan du Jimenezek. Era berean, etxebizitzen adjudikaziorako baremo bakarra izatearen alde dagoela ere zehaztu du.


Halaber, etxebizitzen %70 babes ofizialekoa izatearen aldekoa da Nafarroa Bai. “Baina erregimen orokorrari lehentasuna eman behar zaio, eta erdiak baino gehiago eredu horretakoak izan beharko dira beti”.