|
Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak salatu du Laura Alba Herri Lan kontseilariak Errepideen III. Planeko ildo nagusiak aurkeztu izana atzo. Plan hori hurrengo urtetik 2016ra garatuko da. Txentxo Jimenezek gogoratu duenez, “gaur egun, Errepideen II. Plana dago indarrean, eta hurrengo abenduan bukatuko da, baina kontseilariak ez du nahi izan indarrean dagoen planaren garapenaren inguruko balantzerik egitea”.
Koalizioko parlamentariak ohartarazi duenez, “bigarren errepide planean 150 jarduera jasotzen ziren, eta gero 175era hazi ziren. Aurreikusitako jardueretako 53 2004, 2005 eta 2006an egin behar ziren, baina plana bukatzen ari dela oraindik gauzatu gabe daude. Beraz, Nafarroako Gobernuak ez du bete bigarren planaren heren bat”.
“Izaera lokala edo foru interesa duten errepideak eta herrietako saihesbideak dira aurreikusita egon arren Gobernuak egin ez dituen lanak, nahiz eta gobernuak guztientzat plangintza eta finantzazioa prest zeukan”, adierazi du.
Nafarroa Baiko parlamentariarentzat, “Errepideen III. Plangintza aurkeztu dute zerbait berezi bezala, eta gainera, errepide lokalei eta foralei begira egindako zerbait bezala. Baina gezur bat estaltzen dute, plan horretan jasotzen delako 2016rako errepide horiek eginak egon behar direla, baina berez, jada eginda egon beharko lirateke”.
Txentxo Jimenezek agertu duenez, “gure erkidegoan apurka-apurka gero eta hondatuago daude autobideak ez diren errepideak. Herri asko arriskuan daude, saihesbide asko ez direlako egin eta puntu beltz asko daudelako. Egoera horiek konpontzen badira urte askotako atzerapenarekin izango dira”.
Nafarroa Baiko parlamentariak uste du beharrezkoa dela hirugarren errepide plana, eta bere ustean, behar-beharrezkoa da errepide lokal eta foralei arreta handiagoa jartzea, horien bitartez landa eremuetako herritarrak lanera, zerbitzuetara edota aisialdira joan ahal direlako.
Amaitzeko, Txentxo Jimenezek azaldu du Nafarroako Gobernuak dirutza handiak bideratzen dituela autobideetara, AHTra edota Nafarroako Ubidera, eta beste guztia alboratu egiten duela. Nafarroa Baik hainbat emendakin aurkeztuko ditu, lurralde eremuen arteko oreka eta berdintasuna eskatuz. Era berean, bigarren plangintzan azaldu arren bete ez diren 53 jarduerek lehentasuna izatea eskatuko du.
|