|
Xabi Lasa Berriozarko alkateak (Nafarroa Bai) gaur goizean berretsi du herriko festak abian jartzeko egin zen txupinazoa jaurtitzeko ekitaldia “normaltasun osoz” garatu zela, “beste edozein urtetan bezala”. Iruńeko Epaitegian lekuko gisa deklaratu behar izan du gaur eguerdian Lasak, joan den abuztuaren 26an, Berriozarko festak abian jartzeko txupinazoaren ekitaldian gertatutakoen inguruan azalpenak emateko. Ekitaldi horrengatik ANVko hiru zinegotzi inputatuta daude, terrorismoa goratzeagatik.
Justizia jauregiaren atarian Lasak azaldu duenez, “tamalgarria da festak hasteko txupinazoaren ekitaldia epaitegietara iritsi behar izatea. Absurdua agerian geratzen da, eta horrelakoak gertatzen dira pertsona batzuk dituzten arduretatik haratago joaten direnean”.
Berriorzako alkatearen hitzetan, terrorismoa goratzea izan ote zen argitzeko Nafarroako Gobernuak ikerketa egiteak “pentsa arazten du pertsona batzuk Justizian eragiteko asmoa dutela, eta gainera, Justizia astakeriak egitera bultzatzen dute”.
“Alderdi politiko batzuk, gaur egun boterea dutenak Nafarroan, bultzatu dute egoera honetara iristera, eta ekimen horrekin, mesederik ez diote egiten Justiziari”, esan du Lasak, eta gaineratu duenez, “lekuko gisa nator, ez inputatu gisa; txupinazoaren ekitaldian izan zen beste herritar bat baino ez naiz. Ikusi nuena baino ez dut kontatuko”.
Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak eta Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak, bere aldetik, adierazi du “egoera honetara iritsi gara polizia zein justiziari oso posizionamendu gogorrak hartzera bultzatzen dituztelako”. Gaineratu duenez, “Nafarroan oso gutxi egin da aurrera giza eskubideen zein askatasun politikoen alorrean. Horren erakusle da hamarnaka gazte atxilotzeko sarekadak egitea edota Nafarroa Baiko alkateek epailearen aurrean deklaratu behar izatea alderdi politiko batzuk egiten duten presioaren ondorioz”.
Nafarroa Baiko parlamentariak adierazi duenez, “era horretako ekintzek ez dute ezer laguntzen. Giza eskubide guztiak errespetatuak izateko lan egin behar da, eta zentzu horretan, Nafarroa Bairena da erkidego honetan zentratua dagoen posizionamendu bakarra”.
Jimenezen ustez, “hori guztia sustatzen dutenei eta posible egiten duten indar polizialei, ez eta jazarpen hori babesten duten justizia estamentuei, ezin diegu babes politikoa eman. Nafarroa Bai jazartzen ari dira, Nafarroako gizartearen zati bat eta zilegiak izan beharko liratekeen hautu politikoak jazartzen ari dira”.
Azpimarratu duenez, “Nafarroa Baik ezin die babesa eman Nafarroan normalizazio politikorik ez egotea bilatzen duten jarrerei”.
|