Nafarroa Bairen ustez, kezkagarria da Iruñean izaten diren trafiko istripuen hazkundea, nahiz eta heriotzarik ez den izan
(2010/Urtarrila/12)
   
 

Aritz Romeo Nafarroa Baiko Iruñeko zinegotzia “kezkatuta” azaldu da gaur goizean, “biktimak eragiten dituzten trafiko istripuen kopurua hazi egin delako aspaldian, nahiz eta 2009an heriotzarik ez izatea albiste pozgarria izan”.



Romeo kezkatuta azaldu da ibilgailuek harrapatutako oinezkoen kopuruak nabarmen egin duelako gora, “are gehiago kontuan hartzen badugu istripu horien gehienak gertatu direla ibilgailuen oinezkoentzako zebrabideak errespetatu ez dituztelako”.


2009ko balantzeak agerian uzten du UPNren gobernuak ez duela neurri eraginkorrik ezarri Iruñean dauden puntu beltzak ezabatzeko, aurreko urteetako leku beretan jarraitzen baitute: Viana Printzearen plaza, Biurdana kaleko biribilgunea, Nafarroako etorbideko biribilguneak, etab.).


Txirrindulariak tartean izan diren istripuetan sakondu du Aritz Romeok: “Txirrindulariak tartean izan diren istripu ia guztietan motordun ibilgailuak parte hartu dute, eta ia kasu guztietan, istripuaren eragilea motordun ibilgailuko gidaria izan da. Kasu horietan, txirrindularia da ahulena, babesik ez daukalako. Gainera, txirrindulari eta oinezkoen arteko hiru istripu baino ez dira gertatu, eta beraz, agerian geratu da UPNk sustatu nahi duen txirrindulari-oinezko arazoa faltsua dela, arazoak txirrindularien eta motordun ibilgailuen artean daudelako”.


“Istripuetan gertatzen diren zauritu kopurua murrizteko lanean jarraitu behar dugu Udalean, mugikortasun iraunkorraren aldeko neurriak proposatuz, garraiobide iraunkorrak lehentasuna izango duena, batez ere oinezkoek”, ondorioztatu du.


Era berean, “garraio publikoa indartu behar da, mugitzeko bide merkeagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa delako. Halaber, bizikletaren erabilera indartu behar da gure hirian, datuek erakusten dutelako Iruñea ez dagoela ondo prestatua txirrindularientzat. Horretarako, txirrindularia babesteko neurriak hartu behar dira eta txirrindulariei eta batez ere motordun ibilgailuetako gidariei zuzendutako kontzientziazio kanpainak egin behar dira. Azken baten, garraiobide iraunkorrei lehentasuna eman behar zaie, eta errepideak erabiltzen dituztenen artean elkar errespetua egotea sustatu behar da”.