Nafarroa Baik uste du Gendulaingo pelotazoko lehen ekitaldi ofiziala egin izana albiste txarra dela
(2010/Urtarrila/13)
   
 

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko Etxebizitza arduradunak ohartarazi duenez, Nafarroako Gobernuak Gendulaingo plangintzako idazketa prozedura abian jartzea erabaki izana “agerian uzten du proiektu hau ez dela inoiz behar publikoen araberakoa izan, ez dela izan lurzoru publikoa edo etorkizuneko erreserbak izateko. Agerian uzten du hasieratik izan dela sustatzaileak eta eraikitzaileak zuzendu eta diseinatutako plangintza. 300 milioi metro lurzoru erosi zituzten, eta gero, UPN-CDN Gobernuarekin hitzarmena behartu zuten”.



Koalizioko parlamentariak adierazi duenez, “UPN eta CDNren eskuineko gobernuak ekimen hori Gobernutik sortutakoa zela saldu nahi izan ziguten; era berean, ekimena babestutako etxebizitza ziurtatzeko beharrezkoa den lurzoru publikoa bermatzera bideratuta zegoela azaldu zuen. Baina, hain justu, horren alderantzizkoa dela ikusi ahal izan dugu behin eta berriro, sustatzaileak hainbat ekimen egin dituztelako proiektua aurrera ateratzeko, edo bestela, PSOEk egindako proposamenean ikusi zen bezala, egindako inbertsioa berreskuratzeko”.


“Etxebizitzaren eskaria zein eskaintzaren beherakada nabarmena gertatzen ari denean aurkezten digute plangintza hau, eta horren atzean arrazoi bakarra dago: batzuk presa handia dute, Gendulaingo lurzoruengatik 110 milioi euro ordaindu zituztelako, bertan eraiki ahal izateko”, esan du Jimenezek.


Nafarroa Baiko parlamentariak gogoratu duenez, “Gobernua behin eta berriro gezurra esaten aritu da, esan duenean Gobernua bera izango erritmoak berak zehaztuko zituela, eta garapena ez zela egingo epe labur edo ertainean. Miguel Sanz presidenteak, aldi berean, esan zuen etxe sustatzaileak izango zirela Gendulaingo gauzatze proiektuaren erritmoak zehaztuko zituztenak, eta orduan agerian utzi zuen proiektu honen atzean zer zegoen, bere benetako aurpegia. Ekimen pribatua izan da beti eta pelotazoen garaian egin zen beste pelotazo baten moduan”.


Era berean, Jimenezek ohartarazi duenez, “Nafarroako Gobernuak sustatzaileekin egindako hitzarmenaren arabera, 19.000 etxebizitza eraikitzeko eskubidea dute, baina eraikitzen hasi baino lehen, milioika euro aurreratu behar dira inguruan hirigintza lanak egiteko, eta aurrerapen hori diru publikoarekin egingo da”.


“Iruńerrian hainbat plangintza daude indarrean milaka etxebizitza egin ahal izateko, nahiz eta orain etxebizitza eskaririk ez egon. Gendulainen hiri berria egiteko proiektua abian jartzea arduragabekeria politikoa da, eta ez dago interes publikoaren arabera egina, baizik eta negozia irizpidearen arabera egindakoa da”.


Nafarroa Bai tramitazio horren aurka azaltzen da, eta Gendulaingo plangintzaren aurka zein bertan hirigintza lanak hastearen aurka azalduko da etorkizunean.