Nafarroa Baik Roig kontseilariaren agerraldia eskatu du, Funverako EREa zergatik onartu den azal dezan
(2010/Urtarrila/14)
   
 

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak ohartarazi duenez, “Nafarroako Gobernuak ERE gehiegi onartu ditu arrazoi gabe. Funveraren kasuan, langileek batzordean egindako agerraldiaren bitartez ezagutu genuen enpresaren datu ekonomikoak eta azken urteetako eskarien eboluzioa, eta horren arabera, argi dago EREa onartzeko inolako baldintzarik ez dela ematen: hainbat urtetan galerak gertatzea, eskariak nabarmen jaistea edota enpresak antolaketa premia handiak izatea. Bada, Funverak irabaziak izan ditu azken urteotan, baita 2008an ere, hau da, krisi egoeran geundenean.


Txentxo Jimenezek gogoratu duenez, “Funverak eskari aurreikuspenari eusten zion, eta horrek bermea eskaintzen zuen plantilari eutsi eta produkzioa lan murrizpeneko ERE baten bidez mantentzeko”.


“Ezin dugu ahaztu Funvera teknologia aldetik aurreratua dagoen enpresa dela eta hori horrela dela diru publikoa inbertitu zelako; modu zuzenean, enpresa berrindartzeko emandako diru laguntza zuzenen bitartez edota egungo ugazabei emandako zeharkako diru laguntzen bitartez”, gogoratu du Jimenezek.


Horregatik guztiagatik, Nafarroa Baik gobernuari eta kontseilariari exijitu behar dio EREen inguruko erabakietan gardentasuna eta hartutako erabakietan argiagoak izatea. Izan ere, enpresaren errealitatea eta datu objektiboak ez direla aintzat hartzen uste du koalizioak, “Funveran eta aurkeztutako bestelako EREetan argi geratu den bezala, enpresek Nafarroako Gobernuaren onespenarekin jartzen dituzte abian EREak, eta langileek enpresa eta Gobernua bera izaten dituzte aurrean. Hori guztia onartezina da”, esan du Jimenezek.