Nekane Perezek azaldu duenez, “Sanz eta bere Gobernuak obsesioa dute ETBrekin,arrazoi teknikoak ez direlako erabili orain aitzakia bezala. UPNri ez zaio axola zer nahi duen Nafarroako gizarteak, eta argi dago ETB ikusteko eskaria dagoela Nafarroako gizartean. Baina horren aurrean era guztietako oztopoak jartzen dituzte. Aldi berean, Aragoi eta Errioxako telebista autonomikoak ikusi ahal izango dira, inolako arazorik gabe”.
“Foru Gobernuari ez dio minik egiten gaur egun multiplex sistemaren bidez emititzen duten telebistentzat milioi bat euro ematea, baina dirudienez, ETBrentzat ez da dirurik heltzen. Era berean, bitxia da, baina aurten arte, ematen ziren diru laguntzen ez zuten izen-abizenik aurrekontuetan; diru laguntzen partidaren izena ‘Ikus-entzunezko ekoizpenari laguntza’ zen, eta deialdian zehazten zen LTDren bidez emititzeko lizentzia zutenek jasoko zutela”, adierazi du.
Nekane Perezek gogoratu duenez, “hitzarmena elkarrekikotasun irizpideetan oinarritzen da, hau da, Nafarroako telebistak Euskal Autonomia Erkidegoan ikusi ahal izango dira. Sanzen irizpideen arabera, kasu horretan Nafarroako Gobernuak ordainduko, eta beraz, telebista horiei eman beharreko diru laguntza milioi bat eurokoa baino handiagoa izan beharko da”.
Amaitzeko, koalizioko parlamentariak azpimarratu duenez, “Europako Batasuneko ‘Mugarik gabeko Ikus-entzunezko Zerbitzuen’ 2007ko zuzentaruak Estatu kideei eskatzen die seinalea jasotzeko oztoporik ez jartzeko beste estatu kideetako ikus-entzunezko zerbitzuei, eta hemen oztopoak jartzen zaizkio gure ondokoa den erkidegoko ikus-entzunezko zerbitzuari”.