|
Uxue Barkosek Javier Ayesa eta Txema Mauleónekin batera eskaini zuen prentsaurrea. Bozeramaileak gogora ekarri zuen Nafarroa Baik iaz Udalak Alde Zaharrean "aparkaleku bakoitzeko bost txartel banatzen zituela" salatu zuela.
Orduan koalizioak Udalak enpresa emakidunekin akordio batetara heltzea proposatu zuen, gauez auzokideek autoak aparkaleku publikoetan utzi ahal izateko, bederen. Baina ez da gauzatu.
Aurten iaz baino 300 pertsona gutxiago atera dute egoileentzako txartela Alde Zaharrean, Txema Mauleon zinegotziak jakinarazi zuenez. "Ez dugu 300 auzokideekin hitzegin, baina batzuek argi esaten dute ez dutela ordainduko zerbitzurik eskeintzen ez dien txartela baten truke. Honek argi uzten du arazoa ez dela konpontzen ari".
Udalak berak iaz emandako datuen arabera, aparkaleku publikoetan (Zezen Plazan, Gaztelu Plazan, Aduana Txokoan...) gauez 1.770 plaza hutsik daude, adierazi zuen Txema Mauleonek. Hala "iaz Nafarroa Baik enpresa emakidunekin akordio batetara iristea proposatu zuen, plaza horiek erabili ahal izateko eta, era honetan, Alde Zaharreko auzokideek bitarteko konponbide bat lortuko lukete". "Proposamen hau hasiera batean ondo hartu zuen UPNko taldeak, baina urte bat beranduago ez da aurrerapausurik eman".
Javier Ayesak, bere aldetik, azken urtean Nafarroa Baik egoileentzako plaza kopurua handitzearen alde agertu dela azpimarratu zuen. Helburu honen barruan kokatzen da Kale Nagusia eta Jarauta Kalearen artean lurrazpiko aparkaleku bat eraikitzeko koalizioak osoko bilkuran aurkeztutako mozioa, esaterako. |