Nafarroa Baik lortu du Comptoen Ganberak Beriaingo Udaleko kontuak auditatzea
(2010/Otsaila/4)
   
 

Aurreko astelehenean egindako Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen bileran adostu zen Comptoen Ganberak Beriaingo Udaleko kontuan auditatzea.



Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko Tokiko Administrazio gaietarako bozeramaileak gogoratu duenez, “orain aste batzuk, Beriaingo Udaleko NaBairen taldeak salatu zuen Morelucea enpresa publikoak prezio berean jarri nahi zituela babes ofizialeko etxebizitzak eta merkatu libreko etxebizitzak, baina babes ofizialeko etxebizitzetarako dauden betekizunak bete gabe”.


“Era berean”, jarraitu du Jimenezek, “enpresa horretako kudeaketaren edo ekitaldien gaineko informaziorik ematen ez denez, Nafarroa Baiko talde parlamentarioak Udalaren zein Morelucea enpresaren datu fiskalen txostena eskatu dio Comptoen Ganberari”.

Koalizioko bozeramaileak jakinarazi duenez, “eskaera hori onartu egin du eta bere egutegian jasota dauka Comptoen Ganberak, eta bertan hartutako erabakiak legezkoak izan ziren edo ez jakiteko eta jardueraren gardentasuna bultzatzeko balio izango du”.