Nafarroa Baik Gobernuari exijitu dio Euskalerria Irratiaren egoera legeztatu eta haren kontrako jazarpen kanpaina amai dezala
(2010/Otsaila/12)
   
 

Nekane Perez Nafarroa Baiko parlamentariak bere boza azaldu du Euskalerria Irratiari arrazoia ematen dion sententzia kaleratu delako. Izan ere, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi zuten, eta Gobernuak Radio Universidad de Navarra eta Net 21 irrati kateei eman zien lizentzia.



Nafarroa Baiko parlamentariak adierazi duenez, “agerian geratu da UPNren Gobernuaren kudeaketa negargarria, DOXA consulting enpresari esleitu ziolako aurkeztutako eskaintzen balorazio partziala. Gainera, txosten hori egiteko diru publikoko milaka euro gastatu ziren, eta emandako ikuskizuna ere lotsagarria izan zen, 2005ean Nafarroako Auzitegi Nagusiak egindako ebazpena ez zuelako bete Nafarroako Gobernuak”.


Nekane Perezek ohartarazi duenez, “eskertzekoa da Euskalerria Irratia egiten ari den lan bikaina, diru laguntzetan egiten zaion boikota eta Nafarroako Gobernuaren jazarpena izan arren, bere emisioekin jarraitzen duelako bere 12 langileei esker”.


Gaineratu duenez, “Nafarroako Gobernuak lizentziak kendu behar dizkie bi irratiei, horietako bat, Net 21, desagertu egin delako, eta bestea, Radio Universidad de Navarra, eta beraz, Euskalerria Irratiaren egoera legeztatu behar da”.


“Nafarroako gizartearen aniztasuna, Iruńea eta Iruńerriko herritarrek komunikabidea aukeratzeko izan behar duten askatasunak behartzen gaitu debeku jarrerak, eskubideen urraketak eta jazarpena ere gainditzera”.

Era berean, Nafarroa Baiko parlamentariak galdetu du ea “zein aitzakia erabili behar duen orain UPNren Gobernuak Euskalerria Irratiari lizentzia ez emateko, orain arte Nafarroako Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren zain zegoela esaten zuelako. Orain ez dago aitzakiarik, eta irratiaren egoera legeztatu behar dute”.