Nafarroa Baiko osasun arlo bozeramaile Asun Fernandez de Garaialdek ohartarazi duenez, “martxoaren 23ko 10/1990 osasuneko foru legeak, osasun etxeetaz ari denean, dio Udalen eskumenekoa dela osasun etxe laguntzaileen eraikuntza, berrikuntza edota ekipamenduen osaketa, eta horiek egoera onean daudela bermatu behar dutela. Ez du gauza bera esaten osasun etxe nagusiez, horiek Osasun Departamentuaren eskumen osokoak direlako”.
Fernandez de Garaialdek gogoratu duenez, “osasun etxe horiek herri txikietan daude, eta horiek baliabide ekonomiko urriak dituzte. Herri txiki horiek diru laguntza jasotzen dute Osasun Departamentutik, osasun etxe horien mantenua bermatzeko, baina diru horrekin ez dute behar duten guztia eskuratzen. Horregatik, Nafarroa Baitik mozioa prestatu dugu, foru lege horretako 34 artikulua indargabetu dadin, eta horren ordez, ager dadin herrietako osasun etxe laguntzaileen mantenua, ekipamendua eta bestelakoak Osasun Departamenduaren ardura osokoak direla”.
“Parekidetasunik ez dagoela deritzogu”, esan du koalizioko bozeramaileak, “eta ez dugu ulertzen eta ez zaigu bidezkoa iruditzen osasun etxeak Osasun Departamenduaren eskumenekoak izatea eta osasun etxe laguntzaileak edo kontsultorioak ez. Jakin badakigu herri txikiek zer nolako arazoak dituzten, aurrekontu oso txikiak dituztelako; horregatik, bidezkoa iruditzen zaigu batzuk ordaintzen ez dutena besteek ere ez ordaintzea”.