Nafarroa Baik dio 17 langabe gutxiago egotea ez dela nahikoa ez behar bezalakoa
(2010/Apirila/6)
   
 

Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko bozeramaileak langabeziaren martxoko datuen balorazioa egin du, 17 pertsona gutxiago baitaude langabezian orain Nafarroan. “Datu garrantzitsua da, baina ez da nahikoa eta ez da behar bestekoa”.



Zabaletak azaldu duenez, “Nafarroa 45.000 langabetuen mugan dago eta sanferminetara kopuru horrekin iristeko arriskua daukagu, eta beraz, horixe izan behar da lehen lan helburua”.


 


“Nafarroari hainbeste ehunka milioi euro kostatzen zaizkion enplegu planak zaharkituak jaio ziren, eta beharrezkoa da askoz neurri ausartagoak ezartzea, enpleguari egonkortasuna eman ahal izateko”, adierazi du koalizioko bozeramaileak.


 

Zabaletak zehaztu duenez, “gainera, Nafarroan eman den langabeziaren jaitsieraren arrazoia behin behineko enpleguak dira, baina krisiari egiturazkoa erantzunik ez dio ematen UPNren gobernuak, beti ere PSNren laguntzarekin. Gobernu horrek koiunturazko erantzunak baino ez ditu ematen, etorkizuneko ikuspegirik gabekoak”.