Romeok ohartarazi duenez, “hazkunde hori neurri egoki eta aproposa izango litzateke baliabide publiko gabeziarik izango ez bagenu eta herritarrengandik hurbil dagoen polizia eredua egiteko balio izango balu, edota auzoen deszentralizazioa lortzeko. Baina ez da hori gertatzen ari”.
“Herritarrengatik hurbil dagoen poliziaren eredua ez da ezartzen ari; Simon Santamaria eta UPNren ereduak eta dotrinak dira indarrean daudenak”. Aritz Romeoren ustez, “plantila urterik urte hainbeste handitu beharrak agerian uzten du giza baliabideak ez direla ondo kudeatzen ari eta Udaltzaingoaren funtzioak eta eskumenak ondo definitu gabe daudela, eta horren guztiaren erantzukizuna UPNrena da”.
Horregatik guztiagatik, hausnarketa sakona egitera deitu du. “Bizi dugun krisi garaiotan, baliabide ekonomikoak eskasak diren garaiotan, baliabide publikoak zuhurtasunez eta egoki kudeatzea behar beharrezkoak dira”.
Aritz Romeok adierazi duenez, “Udaltzaingoaren plantilaren hazkundeak eragin du Udaleko beste arlo batzutan langile kopurua ezin dela hazi. Nafarroa Baik proposatu zuen gizarte zerbitzua eskaintzen duten arloetako langile kopurua hazteko, krisiaren ondorio larrienak pairatzen dituztenak laguntza handiagoa izan zezaten, baina UPN eta PSNk uko egin zioten proposamen horri, horrek eragina izango zuelako aurrekontuetan. Baina Udaltzaingoaren plantila 30 langile gehiagorekin hazteko inolako arazorik ez zuten izan”.
Amaitzeko, Romek gaur bere lanpostua hartzen duten 30 udaltzain berriak zoriondu ditu. “Beren lana ondo egitera animatu nahi ditut, eta beren ahalegina egin dezatela herritarrengandik hurbil dagoen polizia eredua indarrean jartzeko, giza eskubide guztiak errespetatuz”.