|
Gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan gogoratu du plangintza hori foru gobernuak bere gain hartutako konpromisoa dela. “Parlamentuak onartua eta abian jartzeko egoeran egon beharko litzateke”.
Horren aurrean, koalizioak bi ekimen erregistratu ditu Parlamentuan: Garraio eta Telekomunikazio kontseilariaren agerraldia, plangintzaren egoeraren berri eman dezan; eta mozio bat, bost hilabeteko epean plangintzaren proiektua ganberara ekartzea eskatuz.
Nafarroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, 2012an bukatzen dira bidaiarien garraio arloan gobernuak dituen lagapen guztiak. “Guztira, 39 dira, eta horietako 20 herrialde barrukoak dira eta beste 19ak foru erkidegotik kanporako bidaiak egiten dituzte. Nafarroarako nahi dugun eredua zehaztu gabe badaukagu, txapuzak edo azken orduko konponketak eginez buka dezakegu, edo bestela, egungo mugikortasun beharrei erantzuten ez dieten lineak manten ditzakegu”.
Jimenezek gogoratu duenez, 2008ko ekainaren 17an plangintza hori abian jartzeko konpromisoa hartu zuen Nafarroako Gobernuak, eta urte bereko azaroaren 12an, Target enpresari eman zitzaion lana, 10 hilabeteko epean gauzatzeko. “Iazko urtearen erdi alderako amaitua beharko luke, baina Gobernuak ez du jakinarazi egun nola dagoen”, adierazi du.
Target enpresak bere lana bukatua duenaren ziurtasuna azaldu du parlamentariak. “Beraz, Gobernuak Parlamentura ekarri beharko luke bere proposamena. Gobernuak mugimendurik ez egin izana erabat salagarria da”. |