Nafarroa Baik lege proposamena aurkeztu du, Odol eta Ehun Bankua sortu eta eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea bermatzeko
(2010/Apirila/26)
   
 

Nafarroa Bai talde parlamentarioak lege proposamena aurkeztu du gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan, Nafarroan Odol eta Ehun Bankua sortzeko. Asun Fernandez de Garaialde Nafarroa Baiko osasun arloko bozeramaileak agerraldia egin du, Patxi Telletxea parlamentariarekin batera, eta esan duenez, “Odol, zelula eta ehun banku funtzioak beteko dituen erakunde publiko bat izatea ezinbestekoa da”.



Nafarroa Baiko parlamentariaren arabera, “indarrean dagoen legedi korapilatsu eta zorrotza betetzea bermatu behar du Bankuak, produktua sortzen denetik eta erabili arte kalitate irizpideak bermatuko dituena, eta aldi berean, artatzen diren pertsonen segurtasun osoa bermatuko duena”.


 


“Odol eta Ehun Bankua bat eginda egotea oso garrantzitsua da, giza zelulen eta ehunen erabilerak osasun zerbitzuak daukan eragina odoletik datozen produktuek duten erabileraren parekoa delako”, esan du Fernandez de Garaialdek. Osasun arloko bozeramaileak gaineratu duenez, “azkenean erabiliko diren produktuen estandarizaziorako eta dauden zerbitzuak optimizatzeko, oso garrantzitsua da bi zerbitzuok bat eginda egotea”.


 


“Horrelakoak gizakietatik bakarrik lortu daitekeenez, hau da, norberak bere borondatez emandakoak direnez, maiz arazoak sortzen dira eskariaren eta eskaintzaren artean, eta horretarako, eta kudeaketa publikoa ona izateko, berme batzuk ezartzea ezinbestekoa da”, esan du.


 


Asun Fernandez de Garaialdek azpimarratu duenez, “Europako Batasuneko herrialde garatu guztietan zentro monografikoen esku utzi dute produktu horien kudeaketa; hau da, lurralde eremu jakin bateko osasun etxe publiko zein pribatuen odol, ehun eta zelula premiak zentralizatutako zentro batetik egiten da, dauden baliabideen eraginkortasuna ahalik eta handiena izateko, donazio kopurua handitzeko eta segurtasun berma guztiak ezarriak egoteko”.


 


Amaitzeko, Fernandez de Garaialdek gogoratu du Comptoen Ganberak Odol Bankua sortzea gomendatu zuela, “eta Parlamentuak sortzea ere onartu zuen, baina UPNk ez du inoiz bete”.