Romeoren ustean, “daukan arazoa gainetik kentzeko” asmoarekin aurkeztutako mozioa da. Era berean, Yolanda Barcina alkateari leporatu dio “Udaltzaingo bere alderdiko helburuak betetzeko” erabiltzea. “Bestelako argumenturik ez duenez, orain herritarren gainean utzi nahi du gertatutakoaren erru guztia”.
Romeok prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, Txema Mauleon zinegotziarekin batera. “Mozio honekin, Barcinak eta UPNk ETAren indarkeria eta herritar askoren sufrimendua erabiltzen dute berriro. Hanka sartu dutela onartu beharrean, egungo egoera politikoa erabiltzea nahiago izan dute”.
Koalizioko zinegotziak azaldu duenez, “UPNren Gobernuak 20.000 litro ur isuri zituen herritarrek kaldereteak egiteko asmoa zuten lekuan”, Alemanen zelaian. Era berean, zehaztu du herri bazkariaren egunean udaltzainak inguru horretan egon zirela.
“Neurriz kanpokoa izan da guztia”, azpimarratu du Romeok. “Arrisku aurreikuspen objektiborik ez zegoen, eta ez zegoen arrazoirik udaltzainak inguru horretan istiluen aurkako armekin egoteko”. Zehaztu duenez, “Yolanda Barcinak agindu zien udaltzainei Txantreara joateko, helburu bakar batekin: ez zegoen lekuan tentsio giroa sortzea”.
“Barcinak alderdi interesak defendatzeko erabili du beste behin Udaltzaingoa, eta hori Poliziaren irudiaren eta Udal honen izen onaren aurkakoa da”, adierazi du Romeok. Era berean, kalderete jaia Alemanen zelaian ez egiteko UPNren gobernu taldeak emandako argudioak kritikatu ditu.