“Pentsioen murrizketa, haur-txekea bezalako politika sozialen ezabatzea, mendekotasun politiketako eskubideen izoztea eta, oro har, ongizate estatuko atal guztietan izan den atzerapausoa handia izan da, eta hori atzerapauso soziala izateaz gainera ekonomikoa ere bada”, adierazi du Zabaletak.
Nafarroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, “arduragabekeriak, politika fiskal eta ekonomikoetan Zapaterok eskuinaren aldarrikapenei men egin izanak eta egiturazko arazoei aurre egiteko agerian utzi duen ezintasunak ekarri gaitu egoera honetara. Ondare zerga ez litzateke inoiz kendu behar, eta bere berrezarpena izan beharko litzateke zerga politikan hartu beharreko lehen neurria; horren atzetik etorri beharko lirateke kapitalaren gaineko zergaren berrezarpena eta errentaren gaineko zergaren aldaketa”.
Zentzu horretan, Zabaletak esan du “horren guztiaren kontra, Zapatero zerga ez-zuzenak eta kontsumo-zergak aldatzen ari da, BEZaren kasuan egin duen bezala”.
“Azpimarratu beharra dago Parlamentuko indar aurrerakoiek eman duten batasun irudia, PPren eta eskuin ekonomiko eta mediatikoaren jarrera arduragabe, kontraesankor eta salagarriak ez bezala, egin duen salaketaga eta kritika irmoarengatik”.
Zabaletaren hitzetan, “ez gaude PPrekin ados, eta hauteskundeetara begira daukan jarrera hori salatzen dugu, eta aldi berean, langabetuekin eta txiroekin daukan elkartasun eza. PSOEri egurra ematen ari zaio, eta orain ahal dagoenez, eskuinaren politika sektarioaren helburuei men egiten ari zaie”.
Amaitzeko, Yolanda Barcinak eta Roberto Jimenezek gai honen aurrean duten jarrera salatu du. “Hemen ere Nafarroan banatu behar dituztenekin ari dira. Pentsioak jaisten ari direnean eta murrizketa sozial larria gertatzen ari denean, bere alderdiak boterean jarraitzea interesatzen zaio bakarrik Barcinari, eta men egin die Roberto Jimenezek mahai gainean jarritako mehatxuei”.