Nafarroa Baik eskatu du Lan batzordea egitea Israelek eraso egin zion Askatasunaren Ontzian zihoazen bi ekintzailerekin
(2010/Ekaina/10)
   
 

Nekane Perez Nafarroa Baiko parlamentariak azaldu duenez, “lan batzordearen lehen helburua da bi pertsona horiek bizitakoa lehen eskutik ezagutzea. Era berean, Gazak bizi duen blokeo egoeraren ondorioak arintzeko nazioarteko elkartasunaren ekimenak zeintzuk ziren eta zeintzuk izango diren ere ezagutaraztea nahi da”.



“Joan den maiatzaren 31n, Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen Askatasunaren Ontziari egindako erasoa gaitzestea, Giza Eskubideen kontrako izateagatik, eta beraz, ekimen horren balioa aitortu zen. Ekimena aitortzeko beste modu eragingarri bat Lan batzorde hori antolatzea eta bi pertsona horiek gure artean hartzea dela deritzogu, are eta gehiago kontuan hartzen badugu mehatxuak jaso dituztela berriki”, esan du koalizioko parlamentariak.


 


Nekane Perezek gaineratu duenez, “Gazak bizi duen blokeo egoerarekin amaitzeko eskaera ere egiten genuen onartutako adierazpenean. Gazan sasigenonizidioa egiten ari direla uste dugu; herritarrak bizirik mantentzen dituzte, baina horretara mugatzen dira. Egoera horren protagonistak israeldarrak ez diren piratak izango balira, nazioarteko erantzuna askoz irmoagoa eta gogorragoa izango litzateke”.


 

“Nafarroa Baik oso argi dauka ezin dugula begirik itxi eta beste aldera begiratu”, azpimarratu du Nekane Perezek. “Jazarpena krudela izaten ari da, eta nazioarteko protestak saihesteko diseinatua dago. Gazak bizi duen jazarpenak ez dauka aitzakia sinesgarririk, eta egoera hori salatu beharra daukagu. Talde parlamentario honek konpromisoa hartzen du gure esku dagoen guztia egiteko eta Giza Eskubideen defentsa eraginkorra egiteko, adierazpen hutsetatik haratago. Hori egin ahal izateko, modu aktiboan egiten duten pertsonen laguntza beharrezkoa dela uste dugu”.