Nafarroa Baik salatu du UPN etengabe ari dela euskarazko komunikabideei oztopoak jartzen
(2010/Iraila/2)
   
 

Nekane Perez Nafarroa Baiko parlamentariak gaur goizean adierazi duenez, “beste behin Nafarroako Gobernuak euskaraz diharduten komunikabideenganako daukan jarrera salatu beharrean gara, eta horren adibide argiak dira Euskalerria Irratia, Ttipi-Ttapa eta, orain, ETB”.




Koalizioko parlamentariak gogoratu duenez, “herritarrek ETB ikusi ahal izateko egiten duten eskaerari erantzuteko eskatu zaion behin baino gehiagotan Gobernuari Parlamentutik, baina horren aurrean, Gobernuak oztopoak baino ez ditu jarri”.


 


Zentzu horretan, Nafarroako gizartearen zati batek bizi duen “diskriminazio egoera” salatu du Nekane Perezek, “ezin baitute aukeratu zein irrati edo telebista kate entzun. Oraindik modu analogikoan ikusi ahal izatea ez da konponbidea. Konponbideak exijitzen ditugu, eta horiek modu gardenean eta norbanakoen interesei mesede egin gabe egitea”.


 


“Auzi honek konpondu gabe jarraitzeko arrazoi bakarra dago: ETB Nafarroan ez ikusteko UPNk daukan obsesioa”. Nekane Perezek gogoratu duenez, “Ramon Bultó Nafarroako Ikusentzunekoen Batzordeko presidenteak ekainean esan zuen auziak konponduta behar lukeela. Hala ere, 13 hilabete joan dira eta protokoloak bete gabe jarraitzen du, aitzakiak baino ez dituzte ipintzen, konponbide bat bera ere ez dute gogoko, egoera nahasi eta negoziazioak errazteko ekainean Parlamentuak eman zien agindua bete gabe jarraitzen dute. Euskarari dagokion gaietan bete gabe uzten duten beste kontu bat baino ez da hau”.


 


Sinatutako protokoloari dagokionez, parlamentariak ohartarazi du Nafarroa Bai izan zela batzordean azalpenak eskatu zituena, “beste erkidego autonomo batzuekin sinatutakoekin alde handiak zeudelako eta horietan askoz gai gehiago lantzen zirelako. Euskarak hartzen du protokoloaren zati handi bat, eta Catalan jaunak azaldu beharko du zergatik esaten duen Blanca Urgell sailburuak bera Hezkuntza kontseilari denetik zergatik moteldu diren negoziazioak”.