Nafarroa Baik zortzi zuzenketa egin dizkio PSNk aldatu nahi duen adingabeen legeari
(2010/Iraila/13)
   
 

Nafarroa Baik zortzi proposamen aurkeztu ditu PSNk aldatu nahi duen adingabeen legea hobetzeko. NaBaiko Gizarte Gaietarako bozeramailea Ioseba Ezeolazak adierazi duenez, “adingabeen eskubideak babestea da hauen helburua, familiei beharrezko tresnak eskainiz, adopzioa ahal den elkartasun, informazio eta aholkatze onenarekin gauzatu dadin”. “1999.urteaz geroztik 908 haur adoptatu dituzte Nafarroan”, gogoratu du Eceolazak.


Nafarroa Bairen proposamenen artean gurasoen adina neurtzea dago. NaBairen ustez, ez da komeni gurasoen adinaren batez bestekoa 47 urte baino gorago egotea, eta 65 urtetik gorakoek ez lukete adoptatu behar, “belaunaldien arteko desberditasun handiegiek ez diezaieten gurasoei eragotzi etorkizunean ere haurren beharrak asetzea”.


Era berean, NaBaik adopzio bat baino gehiago aldi berean egiteko aukera gaitzetsi du, burokrazia bikoitza saihesteko eta arretak adingabearengan egon behar duelako, ez gurasoek duten presan.