Nafarroa Baik Parlamentura eramango du pentsioei buruzko eztabaida
(2010/Urria/27)
   
 

Txentxo Jimenez Nafarroa Baiko parlamentariak mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, eta bertan proposatzen du talde parlamentarioak ezezkoa ematea erretiro adina 67 urtera atzeratzeari.




Koalizioko parlamentariaren agertu duenez, “pentsioen sistema etorkizuneko beharretara egokitzeko egin beharreko aldaketen inguruan Toledoko hitzarmenaren bueltan eztabaida egiten ari diren honetan, eskatzen dugu lan-sisteman jasota dauden eskubideetan atzera pausorik ekarriko ez duen aldaketarik ez egiteko”.


“Sistema honek oinarrizko eskubideei eta Gizarte Segurantzara ekarpena egiten duten langileen eskubideei eragiten die”, azpimarratu du.


Nafarroa Baiko parlamentariaren aburuz, “egin nahi dituzten aldaketen garrantziaren isla azken hilabeteetan eragile sozialek, sindikatuek eta gizarteak berak emandako erantzunean dago. Greba orokorra ere egin da, aldaketen kontrako jarrera adierazteko”.


Horregatik guztiagatik, Txentxo Jimenezek ohartarazi duenez, “Nafarroako Parlamentuak pentsioen sistema publiko eta unibertsalaren defentsa adierazi behar du, eta Nafarroako langileen defentsa ere egin behar du, bere lan-bizitzan ekarpena egin duten arren, Toledoko Hitzarmenaren inguruan, eta Madrilgo Gobernuak sustatuta, aldaketak gerta daitezkeelako”.